1983ko abuztuaren 25ean hasi zen amesgaiztoa. Saharatik heldutako aire masa bero eta hezeak aire polarreko beste masa batekin egin zuen topo. Masa hark Bizkai, Gipuzkoa, Lapurdi, Arabako iparraldea eta Nafarroako iparmendebaldea hartu zituen; orografia menditsua dela eta, masa bertan gelditu. Hurrengo egunean, abuztuak 26, metro koadroko 500 litrora arteko prezipitazioak atzeman zituzten euri neurgailuek. Arratsaldetik aurrera hainbat ibaik gainezka egin zuten, eta Bizkaiko herri batzuetan urak hamar metroko altuera gainditu zuen.
Oso euritsua izan zen urte hartako abuztua eta, beraz, uholdeek ezustean harrapatu zituzten herritarrak eta agintariak. Bilbotarrak, esaterako, Aste Nagusiko azken asteburuan murgilduta zeuden. Egunero bezala, bazkaltzeko bildu ziren jai batzordeko kideak, zinegotziak, udal medikuak... Festetako gorabeherak komentatzen ari zirela jaso zuten Bilboko Udaltzaingoaren lehenengo abisua: hiria urez betetzen ari zen. Albistea sinetsi ezinik, bazkaria bertan behera utzi zuten. Jatetxetik kalera irten zirenean, ura orkatiletara heltzen zitzaien. Bilboko itsasadarrak gainezka egin zuen, eta ura txosna gunera heldu zen. Konpartsetako kideak tresnak eta edariak txosnetako leku garaietan jartzen hasi ziren, busti ez zitezen, eta txosnen egitura astunagoa egin zezaten. Alferrik: urak guztia suntsituko zuen.
Bilboko Zazpikaleak txikizioaren irudi bihurtu ziren, baina egoera berdintsua izan zen Gernikan, Galdakaon, Bermeon, Ugaon (Bizkaia), Laudion (Araba), Donostian, Getarian, Tolosan, Azkoitian, Elgoibarren (Gipuzkoa), Beran, Lesakan, Leitzan (Nafarroan), Azkainen, Senperen, Beskoitzen edota Uztaritzen (Lapurdi), besteak beste. Guztira, Frantziako eta Espainiako gobernuek 185 udalerri izendatu zituzten hondamendi eremu, 48 Iparraldean eta 137 Hegoaldean.
Uraren indarrak itsasontziak hondoratu, zubiak desagerrarazi, lantegiak txikitu, etxeak eraitsi, aldamioak bota, ibilgailuak mugitu eta trenak arrastatu zituen. Bilboko Peñascal auzoan, harrobian hasitako luizi batek harriz estalita utzi zituen kaleak; bizilagunek eraikinetako lehen eta bigarren solairuko leihoetatik atera behar izan zuten. Harrigarria badirudi ere, ez zen hildakorik izan auzo horretan; Zazpikaleetan, ordea, Madriles ezizeneko eskale ospetsua zendu zen: eskaratz batean lotan zegoela urak eraman zuen, ustez.
Bizkaian gertatu ziren heriotza gehienak. Galdakaon sei lagun hil ziren, Gernikan lau, Ugaon eta Etxebarrin hiruna, Mungian bi... Zendutako asko etxean zeuden, baina uholdeek eraikinak bota zituzten. Laudion, berriz, sei pertsona hil ziren; horietako lau guardia zibilak ziren: ibaialdiak haien ibilgailua eraman zuen. Garai hartako kronikek diotenez, beste guardia zibil batek autotik irtetea lortu zuen, eta Herri Batasuneko kideen laguntzari esker atera zen onik. Lapurdin, Urdazuri ibaiaren arroetan zeuden kanpinak hustu zituzten, baina, halere, hiru lagun hil ziren han. Beste bi biktimak Uztaritzen zendu ziren: Errobi ibaiak gainezka egin zuen eta haien autobusa ibaialdiaren erdian trabatuta geratu zen. Gipuzkoan eta Nafarroan, berriz, materialak izan ziren kalteak. Azken lurralde horretan, bereziki nekazaritzari eragin zioten uholdeek.
Biharamuna
Abuztuaren 28tik aurrera, lokatza kentzeari ekin zion Euskal Herriak. Elkartasuna nabarmendu zen egun haietan, milaka herritar boluntario hurbildu baitzen hondamendia konpontzen laguntzera. Kalte handienak zituzten lekuek astebete eman zuten bakarturik (errepideak eta trenbideak suntsituta zeuden), argirik eta urik gabe. Etxeetan edo saltokietan pilatutako janaria, edariak edota animalien gorpuak desagerrarazi behar izan zituzten, errez edo kare biziarekin batera lurperatuz. Kostaldean, hondartzan egoteko edota bainatzeko debekua ezarri zuten, ibaiek garraiatutako bidoiek gai toxikoak isuri baitzituzten.
Milaka lagun etxerik gabe geratu ziren, eta eskoletan edota kiroldegietan bizi behar izan zuten, erakunde publikoek etxebizitza babestuak esleitu zituzten arte. 1983. urtea urte gogorra izan zen ekonomiaren esparruan, eta uholdeek langabeziaren itzala hedatu zuten. Bizkaian soilik, 25.000 pertsonak galdu zuten lanpostua. Saltokiek, tabernek eta lantegiek bestalde, hilabeteak eman zituzten konponketa lanetan. Hiru urte geroago, 1986an, lehorte handia izan zen Euskal Herrian.
Lur azpiko itsasadarra
Bizkaiko Foru Aldundiak 3,5 kilometroko luzerako bi tunel egin nahi ditu Bilboko itsasadarraren azpian, Abusu eta Olabeaga auzoen artean. Ur emaria banatu eta uholdeak saihestuko direla uste du Diputazioak. Eginez gero, Espainiako Gobernuak ordainduko lituzke behar diren 220 milioi euroak. Jaurlaritzakzalantzak agertu ditu egitasmoari buruz.Amorrua sentitu nuen, baina itxaropena ere bai, herritarrak hiria altxatu nahi zutela ohartu nintzelako»
jose luis robles (2003-VIII-26)
Bilboko alkatea 1983an
503
Litroak metro koadroko. Larraskituko (Bilbo) euri neurgailuaren arabera, metro koadroko 503 litro ur bota zuen 1983ko abuztuaren 26an eta 27an. Iragan ekaineko azken uholdeetan, metro koadroko 120 litro bota zuen batekoz beste.3.000
Kalteen zenbatekoa. Espainiako Aseguruen Konpentsazio Partzuergoak egindako aurreikuspenen arabera, 3.000 milioi euroren kalteak eragingo dituzte uholdeek Hego Euskal Herrian 2004. eta 2033. urteen bitartean. Gipuzkoa izango da lurralderik kaltetuena.'Consulado de Bilbao' ontzia, Deustuko zubia botatzear
83ko uholdeetan, Bilboko itsasadarraren indarrak Consulado de Bilbao ontzia eraman zuen. Deustuko zubia jotzeko eta botatzeko arriskua zegoela uste izan zuten agintariek, baina, azkenik, hondoratu egin zen. Urteak eman zituen bertan, eta itsasbehera zegoenean ontziaren hondarrak ikus zitezkeen.Porlanak hutsean utz ditzake uholdeen aurkako neurriak
Hirigintza egitasmoen, suteen edota zuhaitz mozketen ondorioz, lur eremu zabala artifizialdu daM. A. Bilbo
1983ko uholdeen ostean, agintariek argi ikusi zuten antzeko hondamendirik ezin zela berriro gertatu. Eusko Jaurlaritzak Uholdeak Prebenitzeko Plan Nagusia egin zuen 1993an, eta bertan, uholdeak izateko arriskua zuten Araba, Bizkai eta Gipuzkoako guneak identifikatu zituzten. Horrez gain, hidrologiari eta erreken inguruetako lurralde antolamenduari buruzko proiektuak bideratu ditu Jaurlaritzak. Guztira 275 milioi euro inguru inbertitu ditu uholdeetako gune beltzak konpontzen. Porlana, ordea, neurri berean hedatu da.
Gipuzkoa eta Bizkaia dira, uholdeei dagokienez, Hego Euskal Herriko lurralderik arriskutsuenak, bertan euri gehiago egiten duelako, besteak beste. Puntu beltz horiek oso sakabanatuta daude, Gipuzkoan batez ere: Urumea, Oria eta Deba ibaietako arroak daude arriskuan, besteak beste. Bizkaian, berriz, Nerbioi eta Ibaizabal errekak elkartzen diren gunean dago batez ere uholde arriskua, hots, Bilbon, Basaurin, Ugaon edota Arrigorriagan, baina hortik kanpo ere bai: Muskiz, Gernika, Busturia, Bermeo, Larrabetzu, Mungia eta Igorren.
Gehienbat, ibaiei ibilbide naturala itzultzen saiatu dira uholdeak saihesteko politiketan. Ibaien ibilguan bestelako aldaketak ere egin dituzte, urari leku gehiago emateko: drainatzeak, zabalguneak... Hondakinak pilatzen dituzten eta, ondorioz, urari oztopoak jartzen dizkioten zubietan ere aldaketak egin dituzte. Egitasmo garrantzitsuenetako bat Urumean egingo dute, Donostia eta Astigarraga bitartean: zubiak moldatuko dira, ura pilatzea errazten duten eraikuntzak kenduko dira, eta gune batzuk zabalduko dira, besteak beste.
Uholdeen aurkako neurriak hartu diren arren, gauza batek hutsean utz ditzake aurrerapen horiek guztiak: porlanak. Alde batetik, hirigintza egitasmoen, suteen edota zuhaitz mozketen ondorioz, lur eremu zabala artifizialdu da azken hamarkadetan. Hala, euria erruz egiten duenean, porlanak ez du ura xurgatzen. Bestetik, hirigintza egitasmo horiek ibaien arroetan kalte handiak egin dituzte eta, ondorioz, ibaien emaria azkarrago hazten da, ur gutxiagorekin.
Hain zuzen, arroak hobeto kudeatu behar direla diote adituek, etorkizunean uholdeak saihestu nahi badira. Uholdeak, hidrologiaren arloko arazoa baino gehiago, lurralde antolamenduari dagokion auzia dela uste dute, ibaien arroetako eraikuntzak desagertu beharko liratekeelako.
1983tik hona, hogei alditan izan du Euskal Herriko kostaldeak uholde arriskua. Euria bertako klimaren ezaugarria izanik, nabarmena dirudi datozen urteetan uholdeak izango direla berriro. Eusko Jaurlaritzak 2001ean ingurumenari buruz argitaratutako txostenaren arabera, uholdeak 27 eta 33 urte bitarteko maiztasunarekin izaten direla agertzen dute datu historikoek; urtaroko uholde txikien maiztasuna, baina, areagotu egin da. «Ibaiertzak bideratzeko politikak ekarritako aldaketek eta urbanizatutako lurzoruaren eskaerak eragindako presioek eragin handia dute gertatu berri diren uholde txiki horien hedaduran eta iraupenean», onartu zuen Jaurlaritzaren txostenak. Hori dela eta, euskal herritar askok adi begiratzen die ibaiei ekaitza hurbiltzen denean, zenbat haziko ote den galdetuz.