POLITIKA

Euskal Herria "martxan" dagoela aldarrikatu dute Donostian

Joxean Agirrek gatazkaren konponbiderako eta erabakitzeko eskubidea praktikara eramateko agendak dituela iragarri du, eta baieztatu du prest dagoela EH Bildu proposamen horiek alderdi abertzaleekin eta gehiengo sozial eta sindikalarekin elkarbanatzeko.

2013ko abuztuaren 10a
18:48
Entzun

Arratsaldean Donostian Sasi Guztien gainetik, Euskal Herria martxan lelopean manifestazioa egin dute Donostian.  Joxean Agirrek hartu du hitza ibilbidearen amaieran, eta adierazi du "Espainiaren krisiaren atzean estatuaren ezaugarriak" agertzen direla "nabarmen". EH Bilduren ustez, batetik, krisi ekonomikoari aurre egiteko aitzakian langile eta herritarren aurka "erasoaldi basatia" egiten ari da Espainia. Bestetik, "estatu ereduaren krisia erregimen frankistak ezarri zuen arkitekturaren amiltzea besterik ez" dela aldarrikatu du. Azkenik, Luis Barcenasen auzia ez da ustelkeriak jotako kasu bakarra EH Bilduren arabera, "sistema osoa" zizpriztindu baitu.

"Duela 35 urte estatuko botere faktikoek adosturiko ereduak porrot egin du. Estatuak ez zuen egiazko demokraziaranzko trantsizio bat egin: gaur lehen bezala, zentralismoaren eta ukazioaren apustua egiten dute Madrilen", baieztatu du Agirrek. Horren aurrean, Euskal Herriko "eragileen zein herritarren arteko akordio zabalen beharra eta konponbidearen, erabakitze eskubidearen eta langileriaren eskubideen defentsa" jo ditu Agirrek aurrera egiteko modutzat.

EH Bilduren ustez, Espainiak “zentralismoaren eta ukazioaren" apustua egin du. Espainiako Gobernuak krisiaren ondorioen zama "langileriaren bizkar utzi" duela salatu du, eta gastu publikoa murriztearen aitzakian, zentralizazio administratibo "itzela" egiten ari da.

Espainiaren zentralizazio nahien aurrean "aski da" esateko ordua dela uste du EH Bilduk, eta baieztatu du baduela "gatazkaren konponbiderako agenda", baduela "politika antisozialei aurre egiteko agenda", eta baduela "erabakitzeko eskubidea praktikara eraman eta Euskal Herria independentziaren bidean jartzeko agenda nazionala". Agenda horiek elkarbanatzeaz gain, alderdi abertzaleekin eta gehiengo sozial eta sindikalarekin elkarbanatzeko prest dagoela adierazi du EH Bilduk, hori baita, horren ustez, "akordioak" lortzeko modua.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.