Euskal Herria «mundura begira» jarri nahi dute Eskoriatzako jardunaldiek

Nazioarteko adituek parte hartuko dute 'Herri eskubideak eta mundu gobernantza' hitzaldi sortan

AINHOA SARASOLA - ANDOAIN
2006ko apirilaren 26a
00:00
Entzun
Aldaketa garaia bizi dugu Euskal Herrian. Aldaketa garaia bizi du nazioarteak ere. Eta herrien eskubideen eta autodeterminazioaren eztabaidari heltzeko, kontuan hartu beharreko aldagaia da nazioartea. Hori da bihar eta etzi Eskoriatzan (Gipuzkoa) antolatutako jardunaldien xedea: aldaketa garaiotan Euskal Herria «munduari begira» jartzea, antolatzaileek Andoaingo Martin Ugalde kultur parkean atzo azaldu zutenez.

HUHEZIko (Mondragon Unibertsitateko Humanitate eta Hezkuntza Zientzien Fakultatea) arduradun Joseba Azkarragak, HEIS (Herrien Eskubideen Ikasgunea Sortzen) elkarteko kide Urko Aiartzak eta Nazio Garapenerako Biltzarreko Gogoeta XXIeko buru Iñaki Sotok eman zuten jardunaldien xede eta edukien berri. Hiru dira antolatutako hitzaldi sortaren helburuak, Aiartzaren hitzetan: «Batetik, Euskal Herriko talaiatik mundu gobernantzari eta botere banaketari hurbilpena eskaintzea». Bestetik, nazioartean «ez-zentraltzat» dituzten erakundeen parte-hartze politikoa eta eragiteko gaitasuna aztertzea. Azkenik, gaion inguruko interesa sortu nahi dute antolatzaileek euskal komunitate akademiko eta sozialean.

Giza eskubideetan eta gatazken konponbidean adituak diren lagunek hitzaldiak eskainiko dituzte bihar eta etzi Eskoriatzan,HUHEZI fakultatean. Miguel Alfonso Martinez Nazio Batuen Erakundeko aditua, Matteo Zuppi Sant Egidioko Komunitateko kidea edo Verena Graf Herrien Eskubideen Nazioarteko Ligako kidea ariko dira hizlari, beste hainbat jurista, irakasle eta aditurekin batera. Eskubideak, gatazken konponbide prozesuak edo horietan nazioarteko erakundeen parte-hartzea izango dituzte hizpide, besteak beste.

Herritarrei gogoetarako tresnak eskaintzea xede

Jardunaldien abiapuntutzat nazioarte mailako aldaketa prozesuak ez ezik, Euskal Herriak bakeari eta normalizazioari begira aldaketa une garrantzitsua bizi duela nabarmendu zuen Azkarragak. «Eta gure etorkizuna irudikatzeko, diseinatzeko une garrantzitsuotan, halako gogoeta bati heldu behar zaiola uste dugu, irudikatze hori nazioartean gertatzen ari denari begira egiteko». Unibertsitateak, eta zehatzago HUHEZIk, bide horretan rol garrantzitsua jokatu beharko lukeela ere iritzi zion, «gogoetarako eta ekarpen eraikitzaileetarako guneak sortuz». Euskal komunitateari zerbitzu bat eskaini nahi dio HUHEZIk, Azkarragaren arabera: «Ulertzen dugu unibertsitatearen funtzioa gaur eta hemen, hain une garrantzitsuan, irtenbideak bilatzen eta aurkitzen laguntzea dela, euskal gizarteak dituen erronkei aurre egiteko tresnak eskaintzea».

Sotok babesa agertu zien jardunaldiei, Nazio Garapenerako Biltzarreko Gogoeta XXI-en izenean. Besteak beste, elkarlanaren ikuspegitik bultzatutako jardunaldiak direla txalotu zuen. Halaber, nazioaren garapenerako «sinergia berriak» sortu behar direla eta «ikuspegi endogamikoak apurtu» beharra dagoela iritzi zion Sotok. «Euskal Herria munduari begira jarri behar dugu, mundua Euskal Herriari begira dagoen uneotan, eta geure burua mundu horretan kokatu». Egitarau zabalak nazioarteko esperientzietatik ikasteko parada eskaintzen duela ere iritzi zion.
Jardunaldien egitaraua

Bihar eta etzi nazioartean aditu diren lagun ugari bilduko dira HUHEZIko Eskoriatzako fakultatera, hitzaldi sorta eskaintzera. Honakoa da jardunaldien egitaraua:
Apirilaren 27a, osteguna
10:00-11:30: 2010ari begira, eraldakuntzak mundu gobernantzako erakundeetan (Miguel Alfonso Martinez).
11:30-13:30: 'Ez zentralak' diren gobernuen egitekoa maila askotako gobernantzadun Europako Batasuneko esparruan (Alex Ugalde).
15:30-17:00: 'Nazio Batuei buruzko eztabaida. Zertarako Nazio Batuak? Ze leku dagokio instituzio honi gaurko munduan? (Alejandro Tietelbaum).
17:30-19:00: Autodeterminazio eskubidea XXI. mendean (Jaume Reyner).

Apirilaren 28a, ostirala:
9:00-10:30: Bitartekaritza gatazketan: gizarteko sektore eta lobby ezberdinen papera (Matteo Zuppi).
10:30-12:00: 'Nazio Batuen esku hartzea barne gatazketan (Onno Sero)
12:30-14:00: Genero dimentsioa gatazken konponbidean (Amaia Andreu).
15:30-17:00: Bakea erdiesteko ahaleginak, testuinguru ezberdinen arteko alderaketa: Sri Lanka, Alto Karabakh, Kosovo(Verena Graf Ugalde).
17:30-19:00: Joera eta mekanismo nagusiak gatazkak gainditzeko prozesuetan (Natalia Alvarez).
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.