ETA-Zutabea

Euskal Herria "une historiko garrantzitsua bizitzen" ari dela esan du ETAk

Euskal Herria "une historiko garrantzitsua bizitzen" ari dela eta subirautza lortzeko baldintzak ematen direla nabarmendu du ETAk, 'Gara' egunkariak gaur kaleratu duenez. 'Zutabe' barne buletinean jasotzen ditu informazio horiek ETAk. Ibarretxe planari kritika egiten dio, eta EAJri gogorarazten dio "betiko akatsa" egiten ari dela, "egun indarrean dagoen markoa kudeatzera mugatzen delako, proposamen itxi eta baztertzaile bat " eginez. Halaber, Ibarretxe plana "subirautza bilatzen ez duen iruzur" bat dela nabarmendu du.

2003ko abenduaren 5a
15:42
Entzun
ETAk EAJri "akats historiko" bat egiten ari dela gogorarazten dio azken 'Zutabe'-an, "egungo markoa kudeatzera mugatzen delako, proposamen itxi eta baztertzaile bat " eginez. Ibarretxe planaren aurka ere agertzen da, "ez dituelako arazoak konpontzen, eta gure herriak ez duelako soilik belaunaldi batentzeko irtenbiderik behar".

Bestalde, Euskal Herria "une politiko garrantzitsua bizitzen" ari dela nabarmendu du. "Oinarrizko eztabaida ireki da, gatazka oinarriak panorama politikoaren erdigunean jarri ditu gure herriaren arazoak konpontzeko". Irailaren 26an Eusko Legebiltzarren Politika Orokorreko eztabaidak "Monkloako Estatutuaren heriotza" suposatu duela nabarmentzen du ETAk. "Marko juridiko-politiko berri baterako proposamenak aurkezten ari dira eta gatazka armatuarekin amaitzeko autodeterminazio eskubidea ezinbestekoa dela dioen ideia gero eta zabalduago dago", azpimarratu du.

"Inbadituak baina ez garaituak"

«Inbadituak baina ez garaituak, Euskal Herriaren garaia da» izenburua duen "Zutabe" aldizkariko aleak Euskal Herriaren «asimilazio» egitasmoa aztertzen duela zabaldu du gaur 'Gara' egunkariak.

«Zapaltzaileek betidanik eta historian zehar hamaika tresna erabili dute menperatu nahi dituzten herriak zanpatu eta haien eskuetan izateko. Herriak militarki okupatu eta erasotzen hasi, eta behin indar eta bortxaz inposatu ostean, urte luzeetako asimilazio eta menpean hartzeko prozesu konplexuari ekiten diote», dio aldizkariak, 'Gara' egunkariak jasotzen duenez.

«Asimilazio prozesuan», estatuen tresnarik eraginkorrena kolonizazioa dela uste du ETAk.

«Espainia eta Frantziaren okupazioaren» kasuan, asimilazio prozesuarekin zerikusirik duten arlo ezberdinak aipatzen ditu. Bere azterketan, polemika piztu ohi duen gai bat ere aztertzen du: orain dela hainbat hamarkada izandako inmigrazio handia. Izan ere, askotan «tabu» izan arren, Euskal Herriaren egungo errealitatea «ezin da ulertu fenomeno eta faktore hau kontuan hartu gabe», dio. Lan bila etorritakoek bertan bizitzeko duten eskubide osoa nabarmendu du ETAk, baina, aldi berean, «Espainiako agintariek» inmigrazio hori euskal nortasunaren aurka «erabili» zutela salatu du.

Egungo inmigrazio berria dela-eta, berriz, ondokoa dio: «Euskal Herrian ez dago haien integraziorako euskal inmigrazio politika eraginkorrik plantan jartzeko baliabiderik».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.