Politika

'Euskal Herriak du hitza eta erabakia' lelopean manifestaziorako deia egin dute Donostiako hainbat herritarrek

50 lagunetik gora izan dira komunikabideen aurreko agerraldian manifestaziorako deia egin dutenak, baina ez dute beren izenik eman nahi izan. Manifestazioaren leloa =i Euskal Herriak du hitza eta erabakia=i dela iragarri dute eta helburu nagusia " herri honi demokrazian oinarritutako bidea" bultzatzea dutela dute. Horri guztiari buruzko informazio zehatza eskatu dio Garzon epaileak Herrizaingo Sailari zein Espainiako Poliziari eta Guardia Zibilari.

2006ko abuztuaren 11
16:23
Entzun
Atzo iragarri zuten bezala, Donostiako hainbat herritarrek iganderako manifestaziorako deialdia egin dute. 50 lagunetik gora bildu dira kazetarien aurreko agerraldian, eta igandean, 17:30etan, Euskal Herriak du hitza eta erabakia lelopean manifestazioa egingo dela iragarri eta hartara joateko deia egin dute. Ekimenaren bidez herritarren parte-hartzea bultzatu nahi dutela agertu dute, "konponbidea eta demokrazia" sustatzeko. Komunikabideen aurrean agerraldia egin arren, ez dute beren izenik eman nahi izan.

Egungo egoera politikoak aukera berezia zabaltzen duela azpimarratu dute: "Euskal Herriak bizi duen gaztazka politikoarekin bukatzeko, behin betikoz". Horrenbestez, gatazka konpondu eta "herri honi demokrazian oinarritutako bidea irekitzeko" aukerari heltzeko beharra dagoela uste dutelako egin dute gaur manifestazio deialdia: "Konponbidea kalera atera behar dugulako eta kaleak herritarrez bete behar ditugulako", gaineratu dute.

Izan ere, Baltasar Garzon Espainiako Auzitegi Nazionaleko epaileak manifestazio deialdi horri buruzko informazio zehatza eskatu zien atzo Ertzaintzari, Espainiako Poliziari eta Guardia Zibilari, Jaurlaritzako Herrizaingo Sailaren bidez Donostian iganderako beste manifestazio deialdi bat zegoela jakin bezain laster.

Oraingoz ikuskizun dago Jaurlaritzak manifestazio hori egiteko baimena emango duen eta Garzonek zein jarrera hartuko duen.

Manifestazio baketsu batek on egingo lioke bake prozesuari Odon Elorzaren ustez

Bien bitartean, Odon Elorza Donostiako alkateak ziurtatu du nahiago duela "legezko manifestazio bat lelo zehatz batekin pakean eta lasaitasunez egiten dena eta ez inork nahi ez dituen liskar eta borrokak". Iazko manifestazioan izandako istiluak gogorarazi ditu Elorzak eta adierazi du aurten ere horrelako zerbait gertatuko balitz Donostiak itxura eskasa emango lukeela; "hiri gatazkatsu baten itxura", hain zuzen. Hala ere, adierazi du iazko egoera eta aurtengo oso egoera ezberdinak direla.

Elorzaren ustez posible da manifestazio bat bakean, demokrazian eta armonian egitea.Modu horretan burutzen den manifestazio batek egungo egoerari on egingo liokela adierazi du; indartu egingo lukeela "traba guztien gainetik" aurrera egin behar duen bake prozesua. Ildo horretan, irailerako espero ditu Donostiako alkateak urrats garrantzitsuagoak.

Gainera dei zuzena egin die epaileei: "ezker abertzaleak bizi duen transizio garai berria kontutan izan dezatela". Odon Elorzaren ustez, epaileek egungo egoera politiko osoa aztertu behar lukete erabakiak hartzeko unean. Ezker abertzalearen trantsizio garaio horren harira, Elorzak adierazi du erabaki bat hartu beharrean daudela. Hau da, ezker abertzaleak erabaki behar duela "benetan demokraziaren oinarriak" onartzen dituen ala ez.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.