Nazio eztabaidagunea

"Euskal Herriak nazio eta herri gisa bizirauteko gutxienekoak" zehaztuko dituzte bigarren fasean

"Euskal Herriak nazio eta herri gisa bizirauteko gutxienekoak" zehazteko lanari ekingo dio bigarren fasean Nazio eztabadaiguneak, Juan Carlos Alduntzin bozeramaileak adierazi duenez. Nazio eztabaidaguneak lehen plenarioa egin du gaur Donostiako Ibaetako campusean, eta 150 bat lagunek hartu dute parte, tartean, Batasuneko, ABko, EAko, Aralarreko eta EAJren "sentsibilitatea" duten zenbait kide. Gaurko batzarraren helburua azken hilabeteetan landu duten Euskal Herriari buruzko diagnostikoari "bultzada ematea eta ekarpen berriak jasotzea" izan da, Alduntzinek argitu duenez. Gaurko plenarioarekin lehen faseari amaiera eman diote.

2003ko abenduaren 27a
15:03
Entzun
"Nazio eztabaidaguneak Euskal Herria oinarri gisa hartzen duten pertsona, identitate eta erakunde guztien pluraltasuna ordezkatu nahi du", azaldu du Juan Carlos Alduntzin Pasaiako alkate ohiak, eta lan hori "Euskal Herriaren etorkizuna eraikitzeko ezinbestekoa" dela gaineratu, "gutxieneko batzuk zehaztuz beti ere".

Donostiako Ibaetako campuseko Filosofia fakultatean egin dute plenarioan Batasuneko, ABko, EAko, Aralarreko eta EAJren "sentsibilitatea" duten zenbait kide zeuden. Arnaldo Otegi eta Pernando Barrena Batasuneko kideak, EAko Martin Aranburu, Onintza Lasa eta Abel Muniategi eta ABko Mertxe Kolina izan dira, besteak beste, gaurko bilkuran.

LAB, EHNE, HIRU eta ESK sindikatuetako ordezkariak, Elkarrikoak, euskara, kultura eta kiroleko ordezkariak –Joxe Leon Otaño (AEK) eta Iñaki Perurena, tarteko– ere izan dira Nazio eztabaidaguneak deituriko lehen plenarioan.

Gaurko plenarioarekin lehen fasea amaitu dutela iragarri du Alduntzinek, eta bigarrenean "gizarteari eztabaida zabaltzeko asmoa" dutela nabarmendu. "Euskal Herriak herri eta nazio gisa aurrera egiteko behar dituen gutxienekoak zehaztuko ditugu bigarrenean", nabarmendu du Nazio Eztabaidaguneko bozeramaileak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.