Eusko Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak koronabirusari buruzko datuak eman dituzte goizean, eta, horiei Ipar Euskal Herrikoak gehituta, jada 12.066 dira Euskal Herrian koronabirusaz kutsaturiko pertsonak. Hildakoak, berriz, 737 lagun dira.
Mikel Sanchez Jaurlaritzako Plangintza, Antolamendu eta Ebaluazio Sanitarioko zuzendariak jakinarazi duenez, martxoaren 18tik erregistraturiko kutsatze daturik apalena izan dute gaurkoa: Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan 217 lagun kutsatu dira, hain justu. Egindako test kopurua ere aurreko egunetakoa baino txikiagoa izan da, dena den: atzo 738 test egin zituen guztira Osakidetzak, aurreko eguneko test kopuruaren erdia ia. Nafarroako kutsatze berriak 158 izan dira —larunbatean baino gehiago—. Oro har, halere, Euskal Herrian kutsatze kopurua apalduz doa: 375 kutsatu berri erregistratu zituzten atzo —Ipar Euskal Herriko datu berririk ez dago—. Berriki hildakoak, berriz, 42 lagun izan dira. Sendatu direnak 3.948 lagun dira orotara Euskal Herrian.
Langileei buruzko datuak ere eman ditu Jaurlaritzak: koronabirusarekin lotuta Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako 4.498 langilek hartua dute baja lanetik COVID-19agatik. Osasun langileei dagokienez, test positiboen %14,5 dagozkie haiei. Horiek berriro lanean hasterako orduan protokoloei jarraitzen ari direla azaldu du. Jaurlaritzak jakinarazi duenez, ez dakite zehazki zer testuingurutan ari diren gertatzen kutsatze berriak. Segurtasun neurriak hartzen segitzeko eskatu diete herritarrei.
Test azkarrak
Espainiako Gobernuak 43.600 test azkar eman dizkio Osakidetzari, eta Mikel Sanchezek jakinarazi du bilera eginen dutela gaur gainontzeko erkidegoekin, horiek erabiltzeko protokoloak zehazteko. Eusko Jaurlaritzak bihar zehaztuko du berea, horren arabera. Sanchezek, dena den, nabarmendu du PCRak direla oraindik ere froga «ideala» Osakidetzarentzat. Izan ere, test azkarrak fidagarriak dira emaitza positiboa denean, baina negatiboa denean, ez. Kasu positiboak atzemateko azkartasunean irabaziko dute test azkarrekin, azaldu duenez: «Test azkarrei esker, arinago ibiliko gara jakiteko gaixoa positiboa den ala ez, baina sentsibiliatea txikiagoa da. Beraz, klinika konpatiblea duten eta test azkarrean negatibo ematen duten gaixoei PCRa eginen diegu».