Ram Manikkalingamen lantaldea Euskal Herrian da jada. 14:00 inguruan iritsi dira Nazioarteko Egiaztatzaile Batzordeko kideak Loiuko aireportura (Bizkaia). Iristean ez dute inolako adierazpenik egin datozen orduetan egin beharrekoen inguruan. Bake prozesuaren eta ETAren desarmearen inguruko iragarpenen bat egingo dute bihar, 14:00etan, Bilboko Carlton hotelean.
Hainbat bilkura egingo dituzte Egiaztatzaileek Euskal Herrian emango dituzten orduetan. Gaur bertan Iñigo Urkullu lehendakariarekin bilduko dira biharko iragarpenari buruz hitz egiteko. Horrez gain, beste bilera batzuk egingo dituzte bihar: EAJ, EH Bildu eta PSE-EErekin, UGT, CCOO, ELA eta LAB sindikatuekin, Confesbask EAEko enpresarien elkartearekin eta Elizako ordezkariekin.
Manikkalingamez gain, Ronnie Kasrils, Chris Maccabe, Satish Nambiar, Fleur Ravensbergen eta Aracelly Santanak osatzen dute Nazioarteko Egiaztatzaile Batzordea.
Jorge Fernandez Diaz: "ETAk egiaztatzaileak erabili nahi ditu orain, negoziazio prozesu bat egon dadin"
Espainiako Barne ministro Jorge Fernandez Diazen arabera, Espainiako Gobernuari "oso ondo" iruditzen zaio ETAk desarmearen inguruko pausoak iragartzea, baina baieztatu du eurek ez dutela parte hartuko "sistematikoki" egiten ari diren "antzezpenetan". Egiaztatzaile Batzordearentzako hitzak ere izan ditu Fernandez Diazek: "[ETAk] hiltzeari utzita guri mesede egingo zigula zabaltzen lagundu zuten egiaztatzaileek, eta orain [ETAk] horiek erabili nahi ditu, negoziazio prozesu bat egon dadin".
Fernandez Diaz ziur dago ETAk 2011ko urriaren 20an jardun armatua behin betiko utziko zuela iragarri zuenean ez zuela iragarri "ez gizarte zibilizatuan lekurik ez zuela jabetu zirelako, ez bakearen alde egiteko, ez arrazoi etiko, humanitario edo moralengatik". "Polizialki garaitu genuelako izan zen".
Hori dela eta, adierazi du desarmearen iragarpena ez baizik erakunde armatuaren disoluzioaren komunikatua besterik ez dutela espero.