"Egun Kataluniak duen egoera berean egon gintezkeen hemen duela asko. Baina, ETAri esker, ez gaude oraindik aldi horretan, eta, gainera, asko kostako zaigu horra iristea. ETAk egin duena izan da euskal herritarren boza eta erreferendum bidezko adierazpen demokratikoa atzeratzea, lubakiak eraikitzea eta zauriak zabaltzea", salatu du Aitor Estebanek. Europa Pressi emandako elkarrizketan egin zituen adierazpenok EAJk Espainiako Kongresuan duen eledunak, aurreko ostiralean.
Buruzagi jeltzalearen iritziz, Euskal Herrian Kataluniaren antzeko prozesua abiatzeko ezker abertzalearen asmoek "ez dute zentzurik", Katalunian "inoiz ez delako egon fenomeno terroristarik". "Ezin gara hasi, bat-batean, sardana bat dantzatzen denok batera, ezer gertatu ez balitz bezala. Hemen zauri sakonak eragin dituzte; jendea oso minduta dago, eta ez dute halakorik onartuko".
Bide batez, Kataluniaren eta Euskal Herriaren egoerak ezin direla alderatu uste du Estebanek, eta nabarmendu du bi herriek duten "antzekotasun bakarra" dela "kontsulta egin nahiko luketen bi nazio" direla. "Gai serioak dira hauek. Gure herria eta haren independentzia EAJn oso serioski hartzen dugun auzia da. Ez gara txantxetan edota huts egindako maniobretan ibiliko".