Euskararen Gizarte Erakundeen Kontseiluak bat egin du Euskal Herrian Euskaraz etzi Donostian egitekoa den manifestazioarekin, eta herritarrak euskararen alde manifestatzera deitu ditu. Sasi guztien gainetik, euskaldun eta burujabe izango da manifestazioaren leloa, eta 17:00etan abiatuko da, Bulebarretik. "Euskaraz bizi nahi dugun guztiok datorren larunbatean hori aldarrikatzeko parada izango dugu Donostiako manifestazioan. Euskaraz bizi nahi dugunok, bat eginda, indar handiz bultza dezakegu beharrezkoak ditugun baldintzak sor daitezen", adierazi du, ohar baten bitartez.
Euskaldunok Euskal Herrian euskaraz bizi ahal izateko behar diren baldintzak ez direla betetzen salatu du Kontseiluak: "Administrazioek oztopatzen dute, Euskal Herri osoan". Horregatik horiek gainditzeko lan egin behar dela dio, eta herritarrei dei egiten die horretan eragile aktiboak izan daitezen:"Beharrezkoa da, euskara normalizatzea helburu izanik, euskararen alde egiten duen euskaltzale orok ere ahal duen neurrian bere ekarpena egitea; bai egunerokoan eta bai era honetako deialdiak egiten direnean bertan parte hartuz".
Euskal Herria Ezkerretik-ek ere (ezker abertzalea, EA, Alternatiba) bat egin du EHEren manifestazioarekin, gaur prentsa ohar baten bide jakinarazi duenez. "2011n euskarak kinka larrian jarraitzen du. Zenbait arlotan aurrerapauso handiak eman badira ere —kasu gehienetan herrigintzari esker—, oraindik ere euskara Euskal Herrian egoera minorizatuan dago, eta eremu eta esparru askotan haren presentzia hutsaren hurrengoa da. Guk aldaketa defendatzen dugu, baita euskararen estatusari begira ere".
Euskara
Euskal Herrian Euskaraz etzi egitekoa den manifestazioan parte hartzera deitu du Kontseiluak
Euskaraz bizi ahal izateko baldintzak sortu egin behar direla dio Kontseiluak, eta herritarrak horretan eragile aktiboak izatera deitu ditu. Euskal Herria Ezkerretik-ek ere bat egin du martxarekin. Manifestazioa Donostian egingo da, eta 17:00etan abiatuko da, Bulebarretik. [Vimeo]http://vimeo.com/19209650[/Vimeo]
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu