Ekaitz Ibero donostiarrari, autobus bat erre izana leporatuta, lau urte eta hiru hilabeteko kartzela zigorra ezarri zion Espainiako Auzitegi Nazionalak. Iberok gaur jakinarazi du ez duela "kartzelako atea joko", hau da, ez dela kartzelara aurkeztuko, baina "Euskal Herrian libre eta legal" bizi ahal izateko eskubidea exijitzen dutela, eta, beraz, Euskal Herrian geldituko dela, "Espainiako Auzitegi batek agindutakoari muzin eginez".
Oharrean gogorarazi dute datorren otsailaren 13an Auzitegi Gorenak hamabost gazte donostiarrei jarritako zigorra berrikusiko dutela. Espainiako Auzitegi Nazionalak seina urteko kartzela zigorra ezarri zien, Segiko kide izatea egotzita. Gazte horien artean dago Ibero bera ere. Epaiak aurretik jarritako zigorra berresten badu kartzelatzeko arriskuan egongo direla esan dute. Eta, horregatik, harreman bira bat martxan jarriko dute eragile sozial, sindikal eta politikoen aldetik babesa lortzeko asmoz.
Egoera horiek guztiak salatzeko asmoz, gainera, elkarretaratzea egingo dute datorren otsailaren 13an; 19:00etan izango da, Donostiako Artzain Onaren plazan, Euskal gazteria libre eta legala, torturarik ez! lelopean.