politika

Euskal Herriaren ahotsa entzutea eskatu diote 500 eragilek Parisi

Euskal lurralde elkargoari buruzko mintegia burutu dute arratsalde honetan Baionako unibertsitatean. Euskal Herritik luzaturiko eskaera instituzionalari baikorki erantzutea exijitu diote Frantziako gobernuari.

Berria.info
2013ko apirilaren 27a
20:30
Entzun

Deszentralizazio legearen III. Aktaren eztabaida hasi den unean, Euskal Herriak eskatzen duen lurralde elkargoa legean sartzeko eskaera zabaldu du Koordinazioak. "Euskal Herriaren ahotsa entzutea" galdatu diote 500 eragile sozio politiko ekonomiko eta kulturalek Baionatik Frantziako gobernuari.

Legea apirilaren 10ean aztertuko zuen Frantziako Ministroen Kontseiluak eta maiatzaren 27an aurkeztuko dute Senatuan. Izaera politiko ezberdin guztietako hautetsiak, gizarte zibila eta erakunde ekonomikoak elkartu dira Koordinazioan: Hautetsien Kontseilua, Garapen Kontseilua, Iparraldeko Herrien Biltzarra, Merkataritza eta Industria Ganbera, Batera plataforma, Ipar Euskal Herriko parlamentariak eta 2012ko urrian Deszentralizaziorako ministroa den Marilyse Lebranchurekin elkartu ziren hautetsiak.

Ekimen horren ondoren, hitzordu nagusia ekainaren 1ean izango da Baionako kaleetan. Erabakitzaile politiko, ekonomiko eta sozialen artean lortu den kontsentsu handiak gizartearen sostengua duela erakusteko manifestazio erraldoia egin nahi du Koordinazioak.

Hautetsien Kontseiluko presidente eta senatari gisa Jean-Jacques Lasserrek Koordinazioaren helburua azaldu du: "Hobeki informatzea, eztabaida bultzatzea eta hobeki konbentzitzea du xede".

Koordinazioa
Erakunde horiek guztiak biltzen dituen Koordinazioaren izenean Ipar Euskal Herriko gizartearen ordezkaritza anitza bildu da Baionan. Parlamentarien izenean han dira Frédérique Espagnac eta Sylviane Alaux. Hautetsien Kontseiluaren izenean Jean-Jacques Lasserre presidentea eta Frantxoa Maitia presidenteordea. Garapen Kontseiluko Virginie Brillant presidenteordea. Herrien Biltzarreko presidentea den Christine Bessonart. Merkataritza eta Industria Ganberako presidentea den Andre Garreta. Batera plataformako Martine Bisauta eta 2012ko urrian Lebranchurekin bildu zirenen ordezkari Jean-Michel Galant Garazi-Baigorri herri elkargoko presidentea.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.