Estatus politikoaren inguruko eztabaidan, bere jarrera azaltzeko agerraldi bat egin du EH Bilduk Donostian. Koalizioak Euskal Herriaren aitortza eta erabakitzeko eskubidea aipatu ditu eztabaida horren gako eta oinarri gisa, eta gaineratu du gogoeta horrek "irekia eta parte-hartzailea" izan behar duela: "Instituzioen eremutik haratago garatu beharreko eztabaida da, eta bertan lekua izan behar dute Euskal Herriko eragile politikoek, sozialek eta sindikalek".
Halaber, koalizioak ohartarazi du: "Herritarrek mugarik gabe adierazitako borondatea aintzat hartzen ez duen edozein erreforma juridiko-politiko edo instituzionalek porrot egingo du. Euskal Herriak bere etorkizuna askatasunetik eta demokraziatik eraikitzea nahi bada, ezinbestekoa da helburu horiek partekatzen ditugunok indarrak batzea eta akordioak lotzea".