GAL

"Euskal Herriaren alde lan egin duten guziak bihotzean ditugu"

30 urte bete ziren iaz GAL erakunde paramilitarra sortu zela. Beltzenian antolatu den Gudari Egunean, GALek eragindako biktimak eta senideak gogoratu dituzte. Bideoa: Hendaiako ekitaldia (Itxaso Cuevas, 'Ipar Euskal Herriko Hitza'). [YouTube]http://youtu.be/LIqWaKikIOA[/YouTube]

GALen biktimen senideak omendu dituzte Gudario Egunean. BOB EDME
Ipar Euskal Herriko Hitza
2014ko irailaren 28a
11:06
Entzun

GALek eragindako “biktimak” eta senideak gogoratzeaz gain, “azken mendean haiekin batera, Euskal Herriaren alde bizitza eman duten lagun guziak gogoratu eta bihotzetan ditugu”, esan du Xabi Larraldek, Ezker Abertzalearen ordezkariak. “Argi erran behar da gure herria haien konpromisoari esker dagoela xutik eta bizirik gaur”.

Urte luzeetan Euskal Herriak eta euskal iheslariek “mota desberdinetako” erasoak pairatu izan dituztela nabarmendu du Xabier Arin Euskal Iheslari Politikoen Kolektiboko mintzaideak. Salbuespen egoerak aplikatuak izan zaizkiela nabarmendu du, asignazioak, kanporaketak, deportazioak eta euroaginduak, adibidez.

Euskal gatazkaren ibilbidean, “gerla zikina bi estatuek erabilitako arma” izan dela azaldu du Larraldek. 70eko hamarkadatik jarri zuten martxan, eta “ez hain aspaldi” arte, Jon Anzaren bahiketa eta hilketa arte, indarrean egon den “tresna” bat izan dela salatu dute. Ongi pentsatua eta praktikatua izan den gerla estrategia bat izan dela nabarmendu du Larraldek, “Espainiako zein Frantziako estatuak era koordinatu batean gauzatutako” tresna bat.

GAL garaian Frantziako Estatuak izan duen inplikazioa erakusten duten datu asko daudela azpimarratu du Larraldek. Erakunde paramilitarrak egindako lehen ekintzan Frantzia bertan kokatua zela nabarmendu du. “Beraiek ziren garai horretan gerra psikologikoaren erabileran, mundu maila ziren adituenak”. Frantziak gerra sikologikoa Indotxina zein Aljeriako gerlan “praktikatu eta teorizatu” zituela gogoratu du Larraldek.

Mezu “argi bat” helarazi nahi izan diete estatuei, “eragindako sufrimenduaren aitorpena beharrezkoa” dela. Euskal Herrian bizi izandako gatazkak sufrimendu asko eragin du, “izan alde batera edo bestera” adierazi du Larraldek. Ezker Abertzalea gatazkak eragindako minak onartzeko “prest” azaldu da, eta “ardura bera” eskatzen dute beste eragileei. Euskal Herrian aitzinako belaunaldiek jasandako sufrimendua konpontzearen garrantzia nabarmendu du Larraldek. Ondorengo belaunaldiek azken berrogei urteetan Euskal Herriak bizi izandako gatazka zein izan den jakiteko eskubidea dutela gaineratu du, “jakin eta ulertu”.

Azken urteetako gertakariek, Aieteko konferentziak edota ETAk armak uzteko hartu duen erabakiak, “aro berri bat ireki dute Euskal Herrian”.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.