Ezkertiar eta abertzaletzat definitu diren ia ehun lagun ezagun Donostiako hotel batean bildu dira gaur eguerdian, agerraldia egiteko. Han ziren, besteak beste, Tasio Erkizia, Rafa Diez, Txutxi Ariznabarreta, Marije Fullaondo, Floren Aoiz, Antton Morcillo, Jone Goirizelaia, Arantza Urkaregi, Txomin Ziluaga, Iñaki Olalde, Karmele Aierbe, Pernando Barrena, Txotxe Andueza, Arantxa Zulueta, Julen Aginako.. Batasunaren Mahai Nazionalaren kontrako operazioa salatzeaz gain, "Euskal Herriaren alde lanean" segituko dutela esan du haien izenean Anduezak -1997an kartzelara sartu zuten HBren Mahai Nazionaleko kide izateagatik-.
"PSOEk gerra adierazpen argia" egin duela deritzote, eta "bahituta" dauzkala 23 militante abertzale -ostegunean atxilotutakoak-. "Erasoak eraso, ordea, independentziaren eta sozialismoaren alde lanean segituko dugu, ez dugu atzera urrats bakar bat ere egingo".
Gatazka bukatzeko proposamen bakarra ezker abertzaleak egin duela diote lagun haiek eta, hala, Batasunaren Anaitasunako proposamenaren ale bana erakutsi dute guztiek (Hego Euskal Herriko lau lurraldeen autonomia proposatzen du, erabaki eskubidearekin).
EAJ kritikatu dute, halaber. Azkeneko 30 urteetan Espainiako Estatuaren "ordezkaria" izan dela esan du Anduezak (adierazpena irakurri du, euskaraz; gazteleraz, Barrenak). Nahiz eta Juan Jose Ibarretxe Eusko Jaurlaritzaren lehendakariak EAEko galdeketaz proposamena egin berri duen, ezkertiar eta abertzale haien ustez EAJk "lehengo helburu bakarra du orain: Estatuarekin ituna egitea, Euskal Herriaren independentziari ateak itxiko dizkiona, euren negozioa ahalbidetzeko".
Eusko gudariak abestuz bukatu dute agerraldia.
Batasunaren kontrako operazioa
"Euskal Herriaren alde lanean" segituko dutela esan dute ia ehun lagun ezkertiar eta abertzalek
Anaitasunako proposamenaren alde azaldu dira Donostian egindako agerraldian. "PSOEk gerra adierazpen argia" egin duela adierazi dute. "Ez dugu atzera urrats bakar bat ere egingo".
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu