Politika

Euskal Herriaren Alde plataforma aurkeztu dute Europako bozetarako

Ezkertiar eta abertzaleen bilguneak Ipar Euskal Herriko eremurako zerrenda aurkeztu du eta Ixabel Etxeberria izango da burua. Oraingoz, ez dute argitu Hego Euskal Herrian ere aurkeztuko diren.

2009ko apirilaren 18a
20:30
Entzun
Ezkertiar eta abertzale diren hainbat lagunek Europako Legebiltzarrerako hauteskundeetan parte hartzea erabaki dute, gaur goizean Hazparnen (Lapurdi) egindako bileran, eta Euskal Herriaren Alde (EHA) izenpean aurkeztuko dira. Ipar Euskal Herriko eremurako zerrendaren berri eman dute eta Ixabel Etxeberria izango da burua.

Urruñakoa da Etxeberria, 49 urte dauzka eta hiru haur. Urruñako Herriko Etxean hautetsia da, Herritarrak-eko ordezkari gisa. Seaskan irakaslea da. Doktore da, Piarres Larzabalen antzerkia oinarri. Antzerki identitarioaren paradigmak izenburuko tesia bururatu berri du.

Orotara 20 lagunek osatuko dute zerrenda. Gaur hauen izenak ere eman dituzte:

- Jean Michel Haroztegi. Baionan bizi da. Dassault enpresan langilea, CGT sindikatuko ordezkaria.

- Philippe Esteben. Uztariztar hezitzailea, LAB sindikatukoa.

- Beatrice Elizalde. Ziburuko arrantzalea.

- Patxi Bidart. 23 urteko baigorriarra, zurgina.

- Ximun Duhour. 25 urteko kanboarra, Aviron Bayonnais futbol taldeko atezaina.

- Oihana Larrandaburru. 23 urteko atharraztarra. Irakasle ordezko Oztibarreko ikastolan.

- Santiago Capendegi. Aheztarra. gaur egun Bordelen lanean ari, obretako injeniaria.

Oraingoz, EHAk ez du argitu Hego Euskal Herrian ere aurkeztuko den. Ekainaren 7an izango dira bozak.

Aurrekariak

Orain dela bost urteko hauteskundeetan Herritarren Zerrenda (HZ) aurkeztu zuen ezker abertzaleak, baina Frantziako Errepublikan baizik ez zen izan legezkoa, Espainiako Justiziak baliogabe jo zuelako. Hala ere, HZ bozetan izan zen eta denera 120.000 boto zenbatu zituen.

Ostegunean Candido Conde Pumpido Espainiako Fiskaltzak ezker abertzalearen balizko zerrendak aztertuko dituztela iragarri zuen, Batasuna legez kanpoko alderdi politikoarekin lotura duten jakiteko asmoz, eta gaur gauza bera esan du Alfredo Perez Rubalcaba Espainiako Gobernuko Barne ministroak.

1999an bi estatuetan legalki aurkeztu zen ezker abertzalea, Euskal Herritarrok (EH) gisa, eta europarlamentario bat lortu zuen: Koldo Gorostiaga.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.