Gatazka politikoa

Euskal Herriaren askapen prozesua egoera "inportante eta kritikoan" sartzera doala adierazi du Otegik

Arnaldo Otegi Batasuneko eledunak Jose Miguel Beñaran 'Argala' hil zuteneko 25. urteurrena gogora ekartzeko atzo Arrigorriagan (Bizkaia) egin zen ekitaldi politikoan adierazi zuenez, "Euskal Herriaren askapen prozesua egoera inportante eta kritikoan sartzera doa", eta bide horretan aste hau "klabea" izango dela azpimarratu. Halaber, Euskal Herria "bigarren transizio batean" murgilduta dagoela jakinarazi zuen.

2003ko abenduaren 22a
13:23
Entzun
"Datorren astea klabea izango da, ezker abertzaleak aste honetan kudeatuko baitu ardura politiko osoz egindako proposamena", adierazi duen Otegik, 'Gara' egunkariak jasotzen duenez. Pasa den asteartean Bergaran, Telesforo Monzon zenaren etxean, egindako eskaintzaren garrantzia nabarmendu zuen Otegik, eta autodeterminazioan oinarrituta dauden indar politikoen zerrenda bakarra sortzeko bidean "oso serio goazela" azpimarratu.

Batasuneko bozeramaileak ez dela eskaintza "taktikoa" ziurtatu zuen, "aukera erreala eta pragmatikoa" baizik.

Otegiren aburuz, askapen prozesua oso egoera "inportante eta kritikoan" sartzera doa, "patio politikoa mugitzeko konpromosioa hartua baitugu", eta horretarako, «antolatu, borrokatu, diziplina eta lan etengabea» egin beharra azpimarratu zituen..

"Espero dezagun proposamen eta akordio horren bitartez, herri honetan behin betiko sufrikarioaren eta gerraren orria pasatu eta Euskal Herriaren askatasunaren orriak irekitzea", gaineratu zuen Otegik.

Halaber, "eskaintzak egiteaz, borroka egiteaz eta eskuak emateaz" ezker abertzalea ez dela "nekatzen" ohartarazi zuen. Modu horretan, "egoera historiko batean" gaudela nabarmendu zuen, "ziklo bat hil da behin betiko Euskal Herrian eta ziklo berri bat irekitzen hasi da". Alegia, "bigarren transizio batean" murgilduta dagoela jakinarazi zuen.

Hala eta guztiz ere, garai berri hau "Euskal Herritik idatzi" behar dela esan zuen, "herriaren eskubide demokratikoez hitz egiten duten solaskideekin". Otegiren aburuz, "orain ez bada, hori izango da bidea herri hau beste agertoki politiko batera eramateko".
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.