ETA

Euskal Herriaren eskubideak errespetatzen direnean gatazka amaituko dela dio ETAk

"Denon artean konponbide egokia" bilatzeko aukera berri baten aurrean gaudela uste du ETAk. Hala dio Gudari Egunaren harira 'Gara'-ra, bidalitako bideoan. "Gatazka gainditzeko gakoa autodeterminazio eskubidea onartzean dago". "Euskal Herriari ez zaio bizitzen uzten" diote, "gure bizitzako esparru guztiak ezin ditugulako antolatu". Azpimarratu dutenez, hori da beraien "borrokaren" arrazoia.

2004ko irailaren 27a
15:01
Entzun
Gara-ra bidalitako bideoan ETAko hiru kide ageri dira, leku menditsu batean. 15 minutu ingurukoa da bideoa, eta osoa euskaraz dago. Txalaparta hotsarekin hasi, eta azalpenez gain, Eusko Legebiltzarreko irudiak, atxiloketenak eta atentatuenak ageri dira, besteak beste. Bukaeran, Eusko gudariak kantuaren soinupean, hildako etakideen izenak azaltzen dira, erreka baten irudian.

Euskal Herria eta borroka armatua

"Bizi nahi baina bizitzen uzten ez dioten herriaren historia da gurea. Euskal Herria herri zapaldua da", azpimarratzen dute. "ETAko burkideok, armak eskuan erantzuten diogu armen indarrez eragiten diguten ukapenari". "Borrokaren bidez herri egiten gaituzten zutoinen birrintze iraunkorra atzeraezina egitea ekidin nahi dugu".

"Euskal Herriaren eskubideak berreskuratzeko erabiltzen dugu borroka armatua. Borroka armatuaren egungo funtzio politikoa euskal demokrazia berreskuratzea da", esaten dute bideoan. "Euskal Herriaren erabaki ahalmena bermatua balego, ez genuke Euskal Herria armekin defendatu beharrik izango".

"Borroka armatuari esker, Euskal Herriak askatasunerako bidea irekia dauka". "Bakea justiziaren eskutik etorriko da. Justiziarik gabe, gure eskubideak errespetatu gabe, ez da bakerik egongo".

Egoera politikoaren azterketa

"Moncloako estatutuaren erreforman eta alderdien interesetan oinarritutako planik ez dugu onartuko", diote bideoan azaltzen diren etakideek. Izan ere, hori onartzeak, "gatazkaren luzapena" besterik ez lukeela ekarriko iritzi diote.

ETAk dionez, ezker abertzalea "prest dago Euskal Herriko indarren artean foroak garatzeko, autodeterminazioa oinarri hartuta Euskal Herriaren onarpena lortzeko helburuarekin".
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.