Politikarien solasaldia

Euskal Herriaren gatazka konpontzeko PSOEren ekarpena beharrezkoa dela nabarmendu dute EAJ, EA, SA eta EB-IUko ordezkariek

Euskal Herriko gatazkari benetako irtenbide bat bilatzeko PSOEk prozesu horretan parte hartzea ezinbestekoa dela iritzi diote EAJko Markel Olanok, EAko Maiorga Ramirezek, SAko Joseba Alvarezek eta EB-IUko Mikel Aranak. Hala ere, ez dute itxaropen handirik agertu sozialistek une honetan har dezaketen jarreraren inguruan. Juan Mari Atutxak atzo egin zituen adierazpenen ildotik egin dituzte gogoeta horiek, Euskadi Irratiko politikarien solasaldian. Atutxak adierazi zuen Ibarretxeren Planaren eztabaida prozesuan "erlojua geratzeko" prest dagoela sozialisten parte-hartzea errazte aldera.

2004ko apirilaren 30a
12:13
Entzun
"Atutxak atzo esan zuena da orain arte guk, EAJk, defenditu dugun jarrera, eta, halaber, EAk eta EB-IUk babestu dutena. Funtsean, eztabaidan guztiok parte hartu behar dugula. Orain arte alderdi sozialista izan da parte-hartze horri uko egin diona, eta orain ikuskizun dago jarrera aldatuko duen edo ez. Finean, Atutxaren proposamena koherentea da orain arte izan dugun jarrerarekin", azaldu du EAJko Markel Olanok.

SAko Joseba Alvarezen iduriko ere, irtenbiderik bilatzekotan PSOEk eztabaidetan parte hartu behar du; hain zuzen ere, Eusko Legebiltzarrean Jaurlaritzaren Estatutu proposamenaren inguruko debatean sozialistek parte hartzen ez badute, eztabaidak zilegitasuna galtzen duela nabarmendu du Alvarezek, eta EAJk, horixe bermatu nahi duela: PSOEren parte-hartzea hartara Legebiltzarreko eztabaida zein Ibarretxeren Plana legjitimatzeko.

EB-IUko Mikel Aranak agertu du ondo iruditzen zaiola Atutxaren proposamena, baina oso ezkor agertu da sozialistek hartuko duten bidearen inguruan. "PSOEk formak normalizat ditu, eta nola aldaketa hori izan den, batzuori gustatuko litzaiguke ikustea sozialisten baitan sakoneko politika aldaketak gertatzen direla. Baina uste dut hori ez dela emango epe motzean, eta iruditzen zait Ibarretxeren Planaren inguruko eztabaidan ez direla sartuko", agertu du.

Aranaren arrazoi bertsuak eman ditu EAko Maiorga Ramirezek. Azken batean, Atutxak proposatutako geldialdia ongi iruditzen zaile esan du, baina PSOEn prestutasun gutxi sumatzen dutela Euskal Herriaren eskubideei buruzko eztabaida baterako. "Arazoa ez da Ibarretxeren proposamena geratu edo ez, baizik eta PSOEk bere jarrera argitu eta agertu behar duela: Euskal Herriaren eskubideak onartzen dituzten argitzea edo, behintzat, horri buruz eztabaidatzeko prest dauden agertzea. Horregatik, ez dakit une honetan plana geratzeak emaitzarik izango duen. Proposamenaren epeak logikoak dira eta horiekin aurrera egin behar da", esan du Ramirezek.

Debate guneen mugaketa

SAko Alvarezek aipatutako auzi baten ildotik ere sortu da eztabaida: azaldu du EAJk Eusko Legebiltzarrera eta Ibarretxeren Planera mugatu nahi duela eztabaida, eta hori ez dela egokia. "Eztabaidarako beste marko batzuk ere badaude: Nazio Eztabaidaguneak sortu ditu Nazio Eraikuntzarako Kontseilua eta Alderdien Mahaia, eta Nafarroako eta Ipar Euskal Herriko ordezkariek ere parte hartuko dute horietan. Baina EAJren estrategia da eztabaida Gasteizko Legebiltzarrera mugatzea. Gure ikuspegia ez da hori: Ibarretxeren Plana zilegia da, baina ez da irtenbidea, irtenbidearen zati bat baizik", nabarmendu du. Alvarezek erantsi du irtenbidea proposamen guztien eztabaidatik etorriko dela, eta ildo horretatik, ezker abertzaleak debate marko guztietan parte hartuko duela.

Olanok erantzun dio berak zilegitasuna aitortzen diela beste debate gune guztiei, baina egitura juridiko-politikoan aldaketak gauzatu nahi badira, herritarrek bozka bidez hautatutako ordezkariak dauden lekuetan ematen diren eztabaidak direla garrantzitsuenak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.