'Norabidea'

Euskal Herriaren geroaz gogoeta egiteko gunea: 'Norabidea'

Astelehenean aurkeztuko dute, eta ekitaldi horretan Kataluniako independentzia prozesuaz jardungo dira mahai inguru batean Salvador Cardus, Rita Marzoa eta Jaume Lopez Donostiako San Telmo musean, 19:30ean.

Independentistak sarearen giza katea iaz, Iruñean, 'Catalunya-Euskal Herria. Bi herri helburu bakarra. Independentzia' lelopean. IDOIA ZABALETA, ARP
2014ko apirilaren 22a
16:47
Entzun

Datorren astelehenean abiatuko da Norabidea bloga. "Gure herriaren etorkizunari buruz gogoeta egitea ezinbestekoa da gure ametsak betetzeko, bide egokia topatu nahi izanez gero", diote bultzatzaileek asteleheneko aukezpena iragartzeko oharrean. 

Oraingoz, zazpi eragile ari dira proiektua sustatzen: BERRIA, Hamaika telebista, Udalbiltza, Gaindegia, Manu Robles Arangiz fundazioa, Ipar Hegoa fundazioa eta Euskal Nazionalismoa XXI Mendean masterra. Proiektua irekita dago, eta litekeena da sustatzaile gehiago gehitzea aurrerantzean, oharrean iragarri dutenez.

"Burujabetzaz, erabakitzeko eskubideaz, autodeterminazioaz, independentziaz, autogobernuaz, gure herriaren egituraketaz, garapenaz edota nortasunaz gogoeta egiteko blog bat izango da; azken batean, gure herriaren norabideaz gogoeta egiteko gune bat" izango da Norabidea.

Adituen gogoetekin batera, era osagarrian, dokumentazioa (agiriak, argitalpenak, hemeroteka) eta gaurkotasunari lotutako erreferentziak ere bilduko ditu blogak, arloaren inguruko bilgune bat sortzeko asmoz.

Hiru begirada, Kataluniaz

Bloga aurkezteko, Kataluniari buruzko mahai inguru bat antolatu dute astelehenean. 19:30ean hasiko da. "Katalunian zer gertatzen ari den ezagutzeko aukera ezin hobea eskainiko dute honako hiru aditu hauek: Salvador Cardus, Rita Marzoa eta Jaume Lopez".

Mahai inguru horren helburua, antolatzaileen arabera, gizartetik bertatik landutako hiru begirada baliatuta Kataluniako egoera hobeto ezagutzea da, eta, aldi berean, Euskal Herriko egoerari buruzko gogoeta sustatzea.

Ekitaldi irekia izango da bertara joan nahi duten herritar guztientzat. Zuzenean streaming-en bidez eskaintzea aurreikusita dago. Norabidea bloga apirilaren 28an bertan sareratuko da, eta mahai inguruaren ekitaldiaren hasieran aurkeztuko da.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.