Euskal lurralde elkargoaren aldeko manifestaziorako deiak areagotzen dabiltza azken egunotan. Goiz honetan euskal lurralde elkargoaren aldeko koordinazioko ordezkariek eta hamar bat hautetsik dute mobilizazio horren garrantzia azpimarratu, Baionan egin prentsaurrekoaren bitartez. "Modu baketsuan eta determinazio handiarekin ohartaraziko diegu herri honek bat egiten duela [Hautetsien Kontseiluak eta Garapen Kontseiluak] marraztu proiektuarekin", Jean Jacques Lasserre Hautetsien Kontseiluko presidenteak azaldu duenez.
Lapurdiko, Nafarroa Behereko eta Zuberoako 158 herrietako auzapezei doakienez, kasik ehun batek dute bat egiten Ipar Euskal Herriaren ezagupen instituzionalarekin: "Bi edo hiru eskas ditugu ehun zenbakira heltzeko, baina aste bat eskas zaigu, eta uste dut ehun auzapez izanen garela larunbatean", Christine Bessonart Auzapezen Biltzarreko presidentearen arabera.
"Nahiz Frantziako Gobernuak erantzunik ez eman, larunbatean Paris Baionarantz begira egonen" dela segur dira koordinazioko kideak. Manifestazioa Laugatik abiatuko da, larunbatean, 17:00etan.