Atxiloketak

"Euskal Herriaren independentzia defenditzeagatik kartzelara sartu dituzte gure senideak"

Azkeneko egunetan Guardia Zibilak atxilotu dituen gazteen senideek adierazi dute "beldurtuta eta lotsatuta" daudela Nafarroako gizarteak izandako jarrerarekin. Barañainen, Basaburuan eta Arbizun manifestazioak egingo dituzte bihar.

2008ko irailaren 4a
16:01
Entzun
"Nafarroaren eta Euskal Herriaren independentzia defenditzeagatik kartzelara sartu dituzte gure senideak, frankismoan komunistak bezala". Hala esan du gaur Enrique Mirandak Iruñean, azkeneko egunetan Nafarroan Guardia Zibilak Fernando Grande Marlaska Espainiako Auzitegi Nazionaleko epailearen aginduz atxilotu dituen zazpi gazteen senideen izenean.

Maider Caminos izan da atxilotuetako bat, eta haren osaba da Miranda, eta euren senideez "harro" daudela adierazi du. "Atxilotuak euren herrietan ezagunak dira kulturaren, kirolaren eta herri honen eskubideen alde egindako lanagatik, eta horregatik atzeman dituzte, ez erakunde terroristako kide izateagatik".

Guardia Zibilak, Caminosez gain, Maitane Intxaurraga, Amaia Legarra, Noe Lopez, Alberto Lopez, Xabier Sagardoi eta Luis Goñi ere atzeman ditu. Caminos eta Intxaurraga Ekineko kideak izatea leporatuta espetxera bidali ditu Grande Marlaskak, eta Alberto Lopez, Sagardoi eta Goñi, berriz, kale erasoetan parte hartu izan dutelakoan. Noe Lopez libre utzi du -gertuen duen polizia etxera sinatzera joan beharko du astero- eta Legarra lau mila euroko bermepean.

Atxilotuek torturak salatu dituzte, eta Noe eta Alberto Lopez erietxera eraman behar izan dituzte guardia zibilek.

Nafarroako gizartea "isilik" egon dela salatu dute senideek, eta alderdi politikoen jarrera ere gaitzetsi dute, "ez dutelako ezertxo ere egin gure senideen oinarrizko giza eskubideen alde". "Nafarroako gizarteak XXI. mendean daukan jarrerarekin beldurtuta eta lotsatuta gaude".

Bihar manifestazioak egingo dituzte Barañainen -19:00etan-, Basaburuan eta Arbizun.

Foruzainek esan dutenez, atzo Arbizun burua estalita zuten lagun batzuek autobus bat gerarazi egin zuten, eta presoen aldeko eta atxiloketen kontrako pintadak egin zituzten.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.