Alternatibak, EAk eta ezker abertzaleak Euskal Herriarentzat marko berri bat eskatu dute gaur, Gernikako Estatutuaren urteurrenean, Donostian. Oskar Matutek, Pello Urizarrek, Maribi Ugarteguruk eta Rufi Etxeberriak azaldu dutenez, gaur egungoa "zatiketaren markoa" da, eta ez ditu jasotzen euskal gizartearen gehiengoaren nahiak.
Donostiako Konferentziaren eta ETAren adierazpenaren ostean alderdi guztien arteko elkarrizketa behar dela azpimarratu dute, eta hortik marko berri bat atera beharko lukeela, ondoren gero euskal gizarteak berretsi dezan. Zentzu horretan PSE-EEri eta PPri esan diete atzera joan nahi badute, "gizarteak aurrera" joan nahi duela.
Atzo Iñigo Urkulluk Patxi Lopez lehendakariari egin zion eskaeraren inguruan "logikaz" hauteskundeak aurreratu beharko liratekeela esan dute, oraingo gobernua "tranpekin" eratu zelako eta erakundeak herritarren isla izan behar dutelako"
Iñigo Urkullu EEBko presidenteak gaur, Gernikako Estatutuaren urteurrenean, akorio konstituziogile bat bultzatzeko konpromisoa hartu du, "bake eta askatasun Euskadi berrirako". Akordio hori Espainiako Kongresuak 2015. urtean berrestea nahi luke.
Gernikako Juntetxean egin ditu adierazpenak Urkulluk. EAJk ez du bat egin Eusko Jaurlaritzak arratsalderako antolatu dituen Gernikako Estatutuaren urteurren ekitaldekin.
Pluraltasun politikoa berreskuratuta eta indarkeriaren behin betiko desagertzearekin, azaroaren 20ko hauteskundeen osteko agintaldiak akordio konstituziogile hori artikulatu beharko litzatekeela esan du Urkulluk. "Euskal Herria Espainiako eta Frantziako Estatuetan kokatu behar da".
Eusko Jaurlaritzak, ordea, gaur esan du ez duela horrelakorik aurreikusten.