Espainiako Ingurumen Ministerioak oraintxe plazaratu ditu Arabako, Bizkaiko, Gipuzkoako eta Nafarroako enpresen zerrenda, eta zeintzuk diren muga gainditzen duten osagaiak. Eusko Jaurlaritzak 2004an jakinarazi zituen lehendabizikoz bere administraziopean diren enpresa kutsatzaileen datuak. Frantziako Ekologia eta Garapen Iraunkorreko Ministerioak ere aspalditik argitaratzen ditu, urtero, Ipar Euskal Herriari dagozkion datuak. Administrazio guztietan dauden azken datuak 2004. urtekoak dira.
Europako Batasunak 50 osagai kutsagarriren kontrola agintzen du, eta horietakoren baten isurtze muga gainditzen duen enpresa Eper erregistroan hartzera eta Bruselari jakinaraztera behartzen du. Hala, Nafarroan 94enpresak gainditzen dituzte Europak ezarritako mugak, Bizkaian 46k, Gipuzkoan 43k, Araban 26k eta Lapurdin zortzik. Kontrolatutako enpresak ondokoak dira: erregai instalazioak, metalgintza, mea industria, industria kimikoa, hiri hondakinen kudeaketan diharduten instalazioak, papergintza, ehungintza, larrugintza, nekazaritzako eta abeltzaintzako elikagaien industria, disolbatzaile organikoen kontsumoa eta karbonoaren industria.
Eusko Jaurlaritzak azaldu duenez, Eper erregistroan azaltzeak ez du esan nahi enpresak «arriskutsuak» direnik, baizik eta Europak uste duela airera edo uretara egiten dituzten isurketak «kezkagarriak» direla. Jaurlaritzak argi utzi nahi izan du ez direla legez kanpo ari, baina jarraipena kontrol eta zorroztasun handiagoz egin behar zaiela gaineratu du.
Osagai kimikoren baten kutsadura muga gainditzen duten enpresa horiek 2007ra arteko epea dute euren kutsadura zuzendu eta «ez kutsatzaile» bilakatzeko, Europako Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuaren direktibak dioenez. Oraingoz, Eper erregistroan agertzen diren enpresei ez zaie isun edo zigorrik jartzen.
Erregistroaren helburu nagusia prebentiboa da. Hala, Europako Batasunak kutsadura murrizteko politikak jartzeko baliagarria izan nahi du, Kyotoko Protokoloak eta Rioko Goi Bilerak agintzen dutenari jarriki. Europa osoan 10.000tik gora enpresa aztertzen dituzte, kontrol politika horren barruan. Araba, Gipuzkoa eta Bizkaian 256 enpresa aztertu zituzten 2004an, eta 115ek gainditu zuten Europak ezarritako muga (%45).
Direktibak kontrolatzeko agintzen dituen osagaien artean daude, besteak beste, karbono dioxidoa (CO2), karbono monoxidoa (CO), bentzenoa, metal astunak, sufre dioxidoa, kloroa, metanoa, nitrogenoa, artsenikoa, fosforoa... Osagai horietako batzuk dira berotegi efektuaren eragileak, edo uren kalitatearen hondatzaile nagusiak.
DATU ESANGURATSUAK. 2004. urteko Eper erregistroan oso datu esanguratsuak ageri dira. Esaterako, urte hartan airera C02 gehien isuri zuen enpresak, Muskizko (Bizkaia) Petronorrek, 2.360.000.000 kilo isuri zituen urtean, Europak ezarritako kopurua ia 24 bider gaindituz. Zentral horrek 54 aldiz gainditu zuen sufre dioxidoaren muga, eta 71 aldiz osagai lurrunkor organiko ez-metanikoena (NMVOC). Azkoitiko (Gipuzkoa) GSB altzairu enpresak onartu baino 227 zink gehiago isuri zuen airera, eta Arrigorriagako Rezola porlan enpresak behar baino 72 kadmio gehiago. Lantarongo (Araba) enpresa kimikoak uretara isuritako hidrokarburo aromatikoen (BTX) muga 40 bider gainditu zuen, eta fenolen kutsadura muga, ia 100 bider.
Duela bi aste Greenpeaceko militante ekologistak Pasaiako (Gipuzkoa) Iberdrolaren zentral termikoaren tximinian zintzilikatu ziren, planta horren kutsadura salatzeko. Bada, enpresa horren kutsadura kopuruak Euskal Herrian dauden larrienetakoak dira, datuei erreparatzen bazaie. Hala, enpresa horrek uretara isur daitekeen fluoruroaren muga 141 aldiz gainditu zuen, eta 50 fosforoarena. Kobrearen kutsadura kopurua 170 aldiz gainditu zuen, eta berotegi efektua eragiten duten gasen isurtzaile nagusietakoa izan zen, Castejongo, Zierbenako eta Muskizko plantekin batera. C02ren isurketak 12 aldiz biderkatu zituen, eta nitrogeno oxidoarenak, 53 aldiz.
ZABORTEGIAK. Eper erregistroan aztertzeko agintzen duen jardueretako bat hiri hondakinen kudeatzea da. Hala, Euskal Herrian dauden zabortegiek sortutako kutsadura neurtzen dute erregistroan. Aztertutako gehienek gainditu dute Europak ezarritako kutsadura muga. Esaterako, Tuterako El Culebrete (Nafarroa) zabortegiak onartu baino 28 bider metano gehiago isuri zuen airera, eta Arangurengoak (Nafarroa), 44gehiago. Bilboko Artigako zabortegiak 37 bider gehiago, eta ia hamar bider nitrogeno gehiago uretara. Errenteriako (Gipuzkoa) San Markosko zabortegiak, berriz, 37 bider metano gehiago airera, eta bi bider nitrogeno gehiago uretara. Zarauzko (Gipuzkoa) Artetako zabortegiak 31 bider metano gehiago airera, eta lau bider nitrogeno gehiago uretara. Getxoko zabortegiak (Bizkaia), berriz, 30 bider metano gehiago isuri zuen 2004an Europako Batasunak onetsi baino, eta Azkoiengo (Nafarroa) Moratielgo zabortegiak, 24 gehiago. Gasteizko Gardelegiko zabortegiak 12 bider metano gehiago eta bi bider nitrogeno gehiagoisuri zuen; eta Azpeitiko (Gipuzkoa) Lapatxekoak, 14 bider metano gehiago.
Beste bost herritan atzeman du Jaurlaritzak aire kutsadura handiegia
i. PetxarromanDonostia
Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Sailak airearen kutsadura arazoak aurkitu ditu Araba, Gipuzkoa eta Bizkaiko hainbat herritan 2005. urtean. 2003 eta 2004an 13 herritan atzeman zituen arazoak, eta 2005ean beste bostetan atzeman ditu. 2003 eta 2004an atzemandakoetan hasi dira ezartzen airearen kutsadurari aurre egiteko Europako Batasunak ezarritako neurriak. 2005. urtean, batez beste, bost egun baino gehiagotan airearen kalitatea «txarra, oso txarra eta arriskutsua» izan zela adierazi du Ingurumen Sailak.
Jaurlaritzaren azterketak dio PM10 material partikulatu arnasgarriaren muga gainditu dela hainbat herritan. Debagoienean, Donostia aldean (Gipuzkoa) eta Durangaldean (Bizkaia) 15 egunetan gainditu zituzten kutsaduraren mugak. Oria Garaian ere hamar egunetan aurkitu zuten airea behar baino kutsatuago.
2005ean onartutako kutsadura gainditu zen honako herri hauetan: Abanto, Getxo, Lemoa eta Zierbena (Bizkaia); Azpeitia (Gipuzkoa) eta Gasteiz, Betoñu inguruan. Hain zuzen ere, lehen aldia da Eusko Jaurlaritzak Araban horren moduko kutsadura arazoak atzeman dituena. Bost herriei azterketa igorri diete jadanik, eta,orain, horri aurre egiteko plangintza jarri beharko dute abian, Europako Batasunak agintzen duenari jarraiki. Jaurlaritzak honako partikula hauen kutsadura neurtzen du: sufre dioxidoa, nitrogeno oxidoa, beruna, bentzenoa, karbono monoxidoa, ozonoa... Duela bi urte bederatzi herriri jakinarazi zien airearen kutsadurari aurre egiteko plangintza zehatzak martxan jartzen hasi behar zutela: Bilbo, Barakaldo, Basauri, Alonsotegi, Erandio, Portugalete, Zierbena, Durango, Zornotza, Arrasate, Errenteria, Lezo eta Beasain. Guztiek gainditu zuten material partikulatu arnasgarrien muga.
Jaurlaritzaren arabera, autoen erabilerak eta industriak eragiten dute kutsadura hori, eta bi alor horietan proposatu ditu neurriak hartzeko. Hain zuzen ere, 2006ko urtearen amaieran Ingurumen Sailak onartu zituen diru laguntzak zazpi herritan aurkeztutako plangintzak laguntzeko (Errenteria, Durango, Alonsotegi, Basauri, Beasain, Bilbo eta Arrasate).