Mila hautetsi goi tentsioko linearen aurka. Hori da Autopista Elektrikorik Ez plataformak bere buruari jarri dion helburua. Adierazpen bat ondu dute azpiegitura horren kontra, eta, dagoeneko, Euskal Herriko hainbat udalerritako 300 hautetsik eta 40 alkatek sinatu dute. Uda bukaerarako lortu nahi dituzte gainontzeko atxikimenduak. Proiektuak kalte eginiko eskualde eta udalerrietako hautetsiek irailean eginen dute batzarra, "estrategia bateratua" aurkezteko.
Plataformaren izenean, Alberto Frias bozeramaileak nabarmendu du hamar urte bete direla Itsaso eta Deikaztelu herrien arteko autopista elektrikoa egiteko lehen proiektua aurkeztu zenetik, eta herritarren oposiziak birritan lortu duela egitasmoa atzera botatzea. "Hirugarren saialdia dute honako hau, baina aurreko bien segida besterik ez da. Proiektu honekin aurrera egitea izanen litzateke herritarren ordezkaritza demokratikoa iraintzea".
Hori dela eta, dei egin die Hego Euskal Herriko erakunde publikoei, "zirt edo zart" egin dezaten: "Herritarren borondatearekin bat egin dezakete, ala elektrizitate sektoreko multinazionalen interesekin. Ez dago erdibideko aukerarik".