Gaur ekin dio Espainiako Auzitegi Nazionalak Askapenaren kontrako epaiketari. Herri sententzia Madrilera eraman dute auzipetuek: "Ez zara nor euskal internazionalismoa epaitzeko. Espainiako Estatua, zeu zara errudun", adierazi dute epaitegiaren atarian. Hainbat herritarrek babestuta egin dute Madrilerako bidea Walter Wendelin, Aritz Ganboa, Unai Vazquez, David Soto eta Gabi Basañezek.
Gabi Basañezek, Walter Wendelin eta Unai Vazquezek deklaratu dute gaur. Askapenak ETAren aginduei jarraitzen ziela ukatu, eta euskal diasporarekin eta euskal brigadekin eginiko lanaz eman dituzte azalpenak. Vazquezek salatu duenez, Poliziaren miaketan etxean ez zeuzkan gauzak agertu ziren: "Lurraren aurka jarri ninduten, eta ez nuen ezer ikusi".
Walter Wendelinek azaldu du ikasle garaitik datorkiola internazionalismoarekiko interesa, eta Euskal Herrira bizitzera etorri zenean hasi zela Askapenan. Askapena herri erakunde bat dela adierazi du: "Euskal Herriko askapen nazional eta sozialaren aldeko mugimenduaren parte da".
Askapenak bere burua finantzatzen zuela esan du, materialaren, kuoten eta txosnen bidez. Beste inor ez zutela finantzatzen nabarmendu du: "Guretzat ere ez genuen eta". Bihar jarraituko du epaiketak, Aritz Ganboa eta Davis Sotoren deklarazioekin.
Nafarroako Parlamentuak atxikimendua adierazi die auziperatuei, eta babesa eman dio modu baketsuak erabiliz nazioarteko elkartasuna sustatzen dutenen lanari. UPNk, PPNk eta PSNk adierazpenaren kontra bozkatu dute.
"ETAren agindupeko egitura"
Aste honetan hiru saio izanen dira, eta azaroaren 2an bukatzea aurreikusi dute; tartean, beste saio batzuk ere izango dira: esaterako, urriaren 25ean eta 26an. Egun horietan defentsaren lekukoek deklaratuko dute; tartean, nazioarteko hainbat ordezkarik.
Pablo Ruz epaileak agindu zuen 2010eko irailaren 28ko operazioa. Bi urtera ateratako autoan, Askapena "ETAren agindupeko egitura" zela esan zuen epaileak, eta harentzat "kanpoko babesak" lortzea, "elkartasun batzordeak" sortzea, Europako eta munduko gizarte foroetan aritzea eta brigadak antolatzea leporatu zien bost auzipetuei. Datorren asteko epaiketan frogatu beharko dituzte akusazio horiek.
Sarekada egin zuteneko testuingurua ez zen edonolakoa: atxiloketak baino hiru aste lehenago iragarri zuen ETAk "eraso ekintza armatuen" etena, eta ondorengo asteetan hainbat operazio egin zituzten Espainiako Poliziak eta Guardia Zibilak. Bi aste lehenago, esaterako, bederatzi lagun atxilotu zituzten Ekineko kide izatea egotzita. Askapenaren aurkako sarekadaren aurreko asteburuan bertan, Gernikako Akordioa sinatu zuten Euskal Herriko hainbat eragile politiko eta sozialek, Bake bidean, aterabide demokratikoak aldarrikatzen zituena. ETAk, gainera, agiri batean berretsi zuen "ekintza armatuen etenak datarik ez izateko nahia".
Askapena erakunde internazionalista 1987an sortu zen. Epaiketa gerturatu ahala, protestak ugaritu dira. Astelehenean, zapatak bota zituzten milaka herritarrek Iruñean Espainiako Estatuaren sinboloen aurka. Asteazkenean, berriz, Nafarroako Parlamentuan izan ziren auzipetuak, gaiaren berri ematen. Beste epaiketa batzuekin batera Askapenarena salatzeko, protestak iragarri ditu Eleak-Libre mugimenduak.