1900. urtean, 1.091.000 biztanle zeuden Euskal Herrian; horietatik hiru laurden, landa eremuan. Gaur egungo datuak begiratuz gero, oso bestelakoa bihurtu da egoera mende baten ondoren. 3.140.000 biztanlerekin, inoizko biztanle kopururik handienera iritsi da Euskal Herria 2017an. Eta horien %17 baino ez daude landa eremuan, hiriguneetan metatu baitira gehienak.
Bilakaera hori ulertu nahian, datu eta mugarri nagusiak bideo batean bildu dituzte Gaindegiako kideek, mapekin lagunduta. Bi minutu pasako bideoan jaso dituzte 117 urteotako mugarri nagusiak. Tartean, I. eta II. Mundu Gerrek eta Espainiako Gerra Zibilak izandako eragina, industrializazioa, petrolioaren krisia eta etorkin fluxu berriak aztertu dituzte, besteak beste.