Irurtzungo Iratxo mendi taldeak, Sakanako Mendizaleek eta Independentistak sareak antolatuta, martxa bat egingo dute bihar “Euskal Herriko erdigunera”. Irañetako Udalak eta Sakanako Mankomunitateak bat egin dute deialdiarekin, eta babestu egin dute egitasmoa. Martxa Nafarroako hiru tokitatik irtengo da. Irañetatik, Basakoetxea Bordatik, 09:30ean; Senosiaindik, herriko askatik, 08:453an, eta Unanuko herriko plazatik, 08:15ean.
Hiru zutabeek bat egingo dute erdigunearen inguruan, eta ekitaldi bat egingo dute 11:30ean, mugarriaren ondoan. Han, Euskal Mendizale Federazioko eta Nafarroako Mendi eta Eskalada Kiroletako Federazioko ordezkariek Euskal Herriko mendizale guztientzako proiektu komun bat gauzatzeko “bide orria” zehazteko konpromisoa agertzen duen adierazpen bat aurkeztuko dute. 15:00etan bazkaria egingo dute Irañetako Basakoetxea bordan.