Euskal Herriko eskubide zibilen aldeko mugimendua sortu nahi dute

Euskal gizarteari mugimenduaren berri emateko ekimenak larunbatean aurkeztuko dituzte, Durangon

Iñaki Lasa Etura.
2010eko azaroaren 30a
00:00
Entzun
Euskal Herrian eskubide zibil eta politikoak bermatzeko mugimenduak pausoak ematen jarraitzen du. Hurrengoa, mugimendua bera ofizialki sortzea izatea espero dute. Horretarako, hurrengo egunetarako hainbat ekitaldi antolatu dituzte; herritar, sektore eta mugimendu sozialen parte hartzea sustatzeko.

Lehen ekimena larunbat honetan izango da, Durangon (Bizkaia), Kafe Antzokian, 13:00etan. Durangoko Azokak jendea erakartzeko duen ahalmenaz baliatuz, mugimenduaren sorrera Euskal Herrira hedatzeko ekitaldiak aurkeztuko dituzte.

Larunbatean aurkeztuko dituzten ekitaldiak abenduaren 10ean egingo dituzte. Sinbolismoz beteriko data; abenduak 10a giza eskubideen aldeko nazioarteko eguna baita. Egun horretako ekimenak nolakoak izango diren eta zein herritan egingo dituzten Durangoko agerraldian bertan zehaztuko dute.

Ekitaldiok azken hilabeteetan giza eskubideen eta eskubide zibil eta politikoen aldeko adostasun zabal eta askotariko inplikazioan oinarritzen direla azaldu dute mugimenduko kideek; azken finean, mugimenduak herritarrengandik jaso duen sostenguan.

Orain dela hamar egun batzar bat egin zuten aurreko hilabeteetan Euskal Herrian eskubide zibilen aldeko mugimendua sortzeko txinparta piztu zuten eragileek. Ikusi zuten Euskal Herrian eskubide osoko egoera bat lortu nahi bada, aldaketa ekarriko duen «ibilgailua» sortzea beharrezkoa izan behar duela.

Bilkuran, sortuko den mugimenduak izan behar dituen oinarriak zehaztu zituzten. «Eskubide zibilen aldeko mugimendu zabala, askotarikoa, parte-hartzailea eta Euskal Herri osoan hedatua: herri, eskola, lantegi, jendarte eremu nahiz mugimendu sozialetan. Inolako bazterketa eta salbuespenik gabe, pertsona eta kolektibo orok bere eskubideak errespetatuak eta bermatuak izan ditzan Euskal Herri osoan».

Eskubide zibilen aldeko mugimendua irailaren 11n ernatu zen; Bilboko Kafe Antzokian hainbat eragilek egin zuten agerraldi jendetsuan. Ekimenaren aurretik Espainiako Auzitegi Nazionalak bi manifestazio galarazi zituen; lehena Adierazi EH ekimenak deiturikoa, eta bigarrena Sabin Intxaurragak eta Jose Maria Olariagak deitua. Ekitaldi hura debekuei erantzuteko agerraldia izan zen; eta eskubide urraketen aurkako mugimenduaren sorrera ekarri zuen.

Hainbat alderdi eta gizarte eragilek babestu zuten taldearen sorrera. Urriaren 2an eskubide zibil eta politikoen aldeko mugimenduak eragindako olatuak jende andana mugiarazi zuen, Bilboko kaleak manifestazio jendetsu batez betetzeraino.

Azken pausoa azaroaren 20aneginiko batzarrean eman zuen mugimenduak; eta abenduaren 4ko eta 10eko ekitaldiekin urrats gehiago egiteko bidea ireki nahi dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.