IRA-ren agiria / Erreakzioak

Euskal Herriko gatazkari buruzko adierazpen zurrunbiloa eragin du IRAren erabakiak

Borroka armatua uzteko IRAren erabakiak oihartzun handia izan du Euskal Herrian. Halaber, gatazka politikoari buruzko erreakzio zaparrada eragin du. Zenbait alderdik IRAren erabaki bera hartzeko eskatu diote ETAri. Espainiako Gobernuak , berriz, Euskal Herriko egoera eta Irlandakoa ez direla parekagarriak nabarmendu du. Jaurlaritzak gatazkak konpontzeko bidea alde guztien arteko elkarrizketa dela nabarmendu du. Batasunak , berriz, IRAren iragarpena "abiaburu sendok bake prozesu luzearen" emaitza dela nabarmendu du.

2005eko uztailaren 28a
20:00
Entzun
Miren Azkarate Eusko Jaurlaritzako bozeramaileak Boisetik (Idaho, AEB) eman du IRAren iragarpenari buruz Gasteizko Gobernuak duen iritziaren berri. "Historikotzat" jo du Irlandako talde armatuaren erabakia, eta, halaber, esan du adierazten duela alderdien arteko negoziazioa dela gatazkak konpontzeko bide bakarra. "Batez ere erabaki honek erakusten duena da jakin izan dutela alderdi guztiek, eta hau bereziki azpimarratu nahi nuke, alderdi guztiek, elkarrizketaren eta negoziazioaren bidez han dituzten gatazkei eta arazoei irtenbidea ematen. Eta espero eta desio dugu luze gabe beste leku batzuetan ere gai izango garela guztiok bide beretik irtenbide bat aurkitzeko”.

Jose Luis Rodriguez Zapatero Espainiako Gobernuko presidentea , berriz, uzkurrago agertu da IRAren erabakia Euskal Herriko gatazkaren ikuspuntutik neurtzeko garaian. Irlandako eta Euskal Herriko egoerak ez direla parekagarriak adierazi du, nahiz eta gero Euskal Herrira ere bakea iritsiko dela nabarmendu duen. Jose Antonio Alonso Espainiako Barne ministroak antzeko adierazpenak egin ditu; funtsean, bi gatazkak ez direla parekagarriak azpimarratu du.

Batasunak , ostera, IRAren gaurko erabakia Irlandako bake prozesu luzearen emaitza dela nabarmendu du. Arnaldo Otegik esan du bake prozesu horrek "abiaburu sendoa" zuela, eta, finean, irlandarrei autodeterminazio eskubidea eta lurraldearen batasuna onartu zaizkiela.Irlandako egoerak eta Euskal Herrikoak parekotasunik baduten arren, "ondorio sinpleak" ateratzea ez zaiola komenigarria iruditzen adierazi du.

Honakoak dira hainbat eragilek IRAren erabakia eta Euskal Herriko gatazka lotuz egindako adierazpenak:

Espainiako Gobernua

MADRILGO GOBERNUAREN ARABERA, EUSKAL HERRIKO EGOERA ETA IRLANDAKOA EZ DIRA PAREKAGARRIAK

Jose Luis Rodriguez Zapatero Espainiako Gobernuko presidenteak “berri handitzat” jo du IRAren erabakia . Gaineratu du, bake prozesu bakoitzak bere berezitasunak dituela, eta Euskal Herriko egoera eta Irlandakoa ez direla parekagarriak. Hala ere, lasaitasuna eskatu du eta adierazi du Euskal Herrira ere indarkeriaren amaiera iritsiko dela.

Ildo bertsutik, Jose Antonio Alonso Espainiako Barne ministroak ere poztasunez hartu du Irlandatik etorritako berriabaina Zapaterok bezala azpimarratu du Euskal Herriko kasua eta Irlandakoa “ez direla alderagarriak”. Gaineratu du herrialde bakoitzak bere arazo, logika eta bideak dituela eta azpimarratu du gaurko kasuanIrlandako talde armatuak egindako aurrerapausoaz hitz egin behar dela. “Erresuma Batuko egoera,Erresuma Batuko egoera da eta Espainiakoa, Espainiakoa da. Argi dago bi egoerak ezin direla konparatu”, nabarmendu du. “Hemen egin behar dena pistolak eta lehergailuak isilaraztea da eta gauzak era demokratiko batean lortzea; hitzaren bitartez,eta inoiz ez indarkeria erabiliaz”.

Batasuna

OTEGIK IRLANDAKO BAKE PROZESUA ETA EUSKAL HERRIKOA PAREKATU DITU, ETA ESAN DU POSIBLE DELA HAN GERTATUTAKOA HEMEN GERTATZEA

Arnaldo Otegik Irlandako eta Euskal Herriko bake prozesuak parekatu ditu:”Irlandan gertatutakoa hemen gertatu daiteke,nahiz eta prozesu korapilotsu eta eta luzea izango litzatekeen”. Gaineratu du bake prozesu bat eraginkorra izateko, sendoa behar duela izan: “alde guztien arteko akordio zabal eta plurala lortu behar da”. Irlandan akordioa lortu zen, eta heman ere lortu daitekeela esan du. “Akordioak oinarria eduki behar du: lurraldetasuna eta erabakitzeko eskubidea, eta behin akordioa onartuta, herri kontsulta egin behar da”, gehitu du Arnaldok. Bigarren parekotasun bat ere aipatu du: Irlandan bakearen alde indar gehien egin dutenak Errepublikanoak izan direla esan du, eta Euskal Herrian ere Ezker Abertzaleak ari direla bakearen alde lan gehien egiten.

EAJ

IRAk HARTUTAKO ERABAKIAK ETAri ZER HAUSNARTUA EMAN BEHAR LIOKE

EAJko bozeramaile Josu Erkorekak esan du berri ona dela IRAk ‘borroka armatua’ uzteko hartu duen erabakia, eta ETAri zer hausnartua eman beharko liokeela. Gaineratu du IRAk eman duen urratsak ETAk borroka armatua uzteko balio lezakeela, eta gauzak hitz eginez, era demokratiko batean lortzen saiatzeak bukaera positibo bat ekar lezakeela.

PSOE

IRAk HARTU DUEN ERABAKIA ETAkKONTUTAN HARTU BEHAR LUKEELA DIO PSOEk

Alfredo Perez Rubalcaba PSOEk parlamentuan duen bozeramaileak, IRAren jakinarazpenapoztasunez hartu du eta adierazi duenez, “orain itxaron egin behar dugu ea berriaren funtsa kontutan hartu behar dutenek kontutan hartzen duten” ETAri erreferentzia eginez. Gaineratu du, “demokrazia batean ezinezkoa da indarkeriaren bitartez edozein helburu lortzea”.

Diego Lopez Garrido talde sozialistako idazkari nagusiak “momentu historikotzat” jo du IRAren aurrerapausoa, eta “Europa osoan atsekabea,atentatuaketa bahiketak” amaitzeko beharra azpimarratu du. Gaineratu du Espainian ere erabateko normalizazioa gertatzea ezinbestekoa dela “helburuak hitzekin,eta ekintza politiko eta demokratiko hutsekin defendatzeko, baina inoiz ez indarkeriarekin”.

EA

IRAk EMANDAKO URRATSAK EUSKAL HERRIAN BAKEA LORTZEKO ITXAROPENA HANDITU DU

EAko lehendakari Begoña Erraztik esan du IRAk ‘borroka armatua’ uzteko hartu duen erabakiak Euskal Herrian bakea eta normalizazio politikoa lortzeko itxaropena handitu duela. Erraztik aipatu du IRAk ‘borroka armatua’ uzteko emandako urratsaren ondorioz,Irlandako prozesua indar handiagoz hartuko dela aintzakotzat.

EAko lehendakariak aipatu du “alderdien arteko elkarrizketaren” aldeko apustua egiten duela, bide honetatik, Irlandaren kasuan emaitza onak lortu direlako.

EB

EBk DIO HIRITARRENTZAT POZTASUN HANDIA DELA ERAKUNDE ARMATU BAT DESARMATZEA ETA ELKARRIZKETAREN BIDEA HARTZEA

Mikel Arana EBko zuzendaritzako kideak ETAk IRAren bide bera jarraitu beharko lukeela adierazi du, "bere aldarrikapenak Batasunari eskuordetu eta indarkeria behin betiko baztertu”. Gainera, azpimarratu du IRAk bide demokratiko, politiko eta baketsuetatik joateko hartu duen konpromisoak baikortasuna sortu duela Irlandan, "baina baita Euskal Herrian ere”.

IUko koordinatzaile nagusi Gaspar Llamazarek, berriz,esan du IRAk hartutako erabakiak garbi erakusten duela elkarrizketaren bidea bide erabilgarria dela. Azpimarratu du elkarrizketa politikoarekin hasteko lehendabizierakunde armatuak —zeharka ETAren aipamena eginez—armak utzi behar dituela.

Aralar

"ERABAKI AUSART ETA ARDURATSUA HARTU DU IRA-K"

Aralarrek azpimarratu du berri pozgarria dela IRAk hartutakoa. "IRAk, berriro ere, ausardia erakutsi du, harturiko erabakiak gauzatzeko bidean ipiniz. Aldebakarreko erabakia hartu du gaur IRAk, eta ez edozein modutakoa: arma-borroka behin betiko bazterrean uztea. Erabaki hori hartu du, nahiz eta unionistak eta gobernu biak, Dublingoa eta Londresekoa, mugitzen ez direla ikusi. Txalotzekoa da IRAk gaur erakutsi duen ausardia eta erantzukizun historikoa", adierazi du.

Gesto por la Paz

ETA-K ERE LEHENBAILEN ERABAKI BERA HARTU BEHAR DUELA ESAN DU GESTO POR LA PAZEK

Adierazi du, gaurkoan IRAk “borroka armatuarekin” amaitzea erabaki duela, eta, ETAk ere, “lehenbailen erabaki bera hartu behar duela”. Erakundearen esanetan, “indarkeria, indarkeria besterik ez da, eta ez du balio arazo politikoak konpontzeko”. Horretaz gain, adierazi du poztu egiten dela munduko edozein lekutan, eta kasu honetan Irlandan, hainbeste samin eta atsekabe sortzen duen indarkeriarekin amaitzeaz.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.