"Euskal Herriko Jardunaldietan Baionako Merkatal Ganbaran bildurik 2012ko irailaren 29 honetan:
- Kontuan hartuz, 15 urtez Euskal Herriko gizarte zibilaren sektore anitz eta hautetsiak bildu dituen lurralde gobernantza esperimentazioaren arrakasta.
- Ikusiz, 2010eko abenduko lurralde erreformaren ondorioz 'herriak' (eta besteak beste Pays Basque 'herria') desagertuko direla baina bereziki kontuan hartuz gaur egun gaindituak diren gobernantza egituren mugak.
- Kontuan hartuz, Euskal Herriko biztanleriak eta hautetsi anitzek mobilizazio desberdinen bidez (izenpetze biltzeak, herritar foroak, manifestaldi desberdinak, herritar kontsulta) gai horri buruz duten etengabeko eskakizuna.
- Kontuan hartuz, adostasunean eta modu eraikitzailean Garapen Kontseiluak eta Hautetsien Kontseiluak azken hilabeteotan daramaten gogoeta eta eztabaida lana, baita ere bi egitura horiek eman iritzia eta onartu mozioa.
- Kontuan hartuz, Euskal Herrian (bake prozesuaren hastapenak) nahiz frantses Estatuan (dezentralizazioaren III. atala) gertatzen ari diren aldaketa garrantzitsuak.
Publikoki eta irmoki adierazten dugu
- Gaur egun baldintza guztiak bilduak direla Ipar Euskal Herriaren ezagupen sinboliko eta politikoaren eskakizunari erantzun egokia emanen dion egitura politiko iraunkorra sortzeko.
- Instituzio horren sortzea aitzina eman beharreko urratsa dela lurraldearen kudeaketa hobetzeko eta lurralde honetako herritar guzien beharrei erantzunen dieten elkartasunezko politikak bideratzeko.
- Egitura horren sortzeak anitz lagunduko duela euskararen koofizialtasuna lortzen, eskumen zabaleko unibertsitatea sortzen, laborantza ganbara sortzen baita laborantza gidatzeko lurralde batzordea (CTOA) xutik ezartzen.
- Egiturarik egokiena frantses Konstituzioaren araberako Estatutu Bereziko Lurralde Elkargoa dela.
Euskal Herriko Lurralde Elkargoa:
- Gaur egungo 'Pays Basque' 'herria'-ren eremu geografikoan gauzatuko da, 1997ko erabaki prefetoralak definitu bezala.
- Denboran moldakorra izanen da, bere antolaketan zein eskumenetan, ibilmoldeari buruzko beharrezko ebaluaketak egin eta Euskal Herriko biztanleen nahiaren arabera.
- Eskumen propioak ukanen ditu, Garapen Kontseiluak eta Hautetsien Kontseiluak identifikatu lurraldearen beharrei egoki erantzuteko.
- Eskumen horien artean gaur egungo departamenduko eskumen guziak ukanen ditu, Lurralde Elkargo horrek beste maila administratiborik sor ez dezan.
- Prestatzen ari den dezentralizazioaren III. atalak sorturik izanen da eta hemendik bi urtera kontsulta bidez biztanleek onarturik izanen da, bere lehen asanblada 2015eko hauteskundeen karietara herritarrek zuzenki hautatzeko gisan".