Prostituzioa

Euskal Herriko Mugimendu Abolizionista aurkeztu dute, "prostituzioa amaitzeko"

Prostituzioa "sexualitate maskulinoaren eredu bortitz eta misoginoaren ondorio" dela salatu dute gaur, Bilbon egindako aurkezpenean. Urriaren 12an gaiaren inguruko jardunaldiak egingo dituzte. Pornografiaren eta "alokairuko sabelen" aurka ere ari dira.

Mugimendu abolizionistaren aurkezpena. LUIS JAUREGIALTZO, FOKU
Maider Galardi
2019ko irailaren 30a
05:54
Entzun

Hego Euskal Herriko hainbat talde feministak aurkeztu dute gaur, Bilbon, Euskal Herriko Mugimendu Abolizionista. Prostituzioa "sexualitate maskulinoaren eredu bortitz eta misoginoaren ondorio" dela salatu, eta nabarmendu dute "pornografia eta alokairuko sabela emakumeen gorputzak esplotatzeko" moduak direla. Bestak beste, Lanbroa, Betaurreko Moreak, Terapia eta Generoa taldeetako eta Nafarroako Plataformako kideak izan dira aurkezpenean. Amelia Tiganus emakumeen salerosketaren biktima ohi eta aktibistak ere parte hartu du agerraldian.

Plataformaren helburu nagusia "prostituzioa amaitzea" da, baina urratsez urrats bidea egin nahi dutela azaldu dute prentsaurrekoan: "Lehen xedea gizartearen sentsibilizazioa da". Horretarako, ezinbestekotzat jo dute "eragiten duen mina aitortzea"  eta gaia ezagutaraztea: "Emakumeen eta gizonen arteko berdintasuna lortzeko oztopo dela onartu behar da". Bestalde, eskatu dute prostituzioari aurre egiteko eta biktimei babes emateko "neurri zehatzak" bultzatzea.

Ohartarazi dute, bestalde, munduko Osasun Erakundearen arabera, emakume prostituten %90 "sexu esplotaziorako salerosketaren biktima" direla, eta 500.000 "sexu esklabo" gehitzen direla urtero. Hain justu, joan den astean kaleratu zuen Emakundek ikerketa bat, bertan azaldu dute 2018an halako 17 kasu identifikatu zituztela Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan. "Luxuzko prostituzioa" %1 besterik ez dela esan  dute.

Pornografia eta "alokairu sabelak"

Horregatik, feministek "sistema horren aurka egiteko beharra" dutela azpimarratu dute, "emakumeen eta gizonen hierarkizazioari eusten eta patriarkatuaren balioak erreproduzitzen" dituelako. "Gizonek emakume prostituten gorputza beren sexu beharrak asetzeko eta boterea inposatzeko erabiltzen dute. Horrek osasun fisiko eta psikikoan kalte handiak eragiten ditu", ohartarazi dute mugimenduko kideek.

Gainera, prostituzioak ez ezik, pornografia eta "alokairuko sabelak" ere "emakumeekiko biolentzia eta nagusitasuna" baino ez direla salatu dute: "Prostituzioan eta alokairuko sabeletan, sistema neoliberala emakume zaurgarriez aprobetxatzen da beren gorputzak esplotatzeko eta egundoko etekinak ateratzeko".

Jardunaldiak prest

Lehen urratsa "gizartearen sentsibilizazioa" denez, urriaren 12rako Sexu indarkeria ezabatu dezagun, sexualitate duina bultzatuz jardunaldia antolatu dute Bilboko Casa Galician. Bertan izango dira Tiganus bera, Urko Perez ikertzaile eta hezitzailea, Carmina Serrano psikoanalista eta genero indarkerian aditua eta Rosa Cobo Idazle eta A Coruñako (Galizia) unibertsitateko soziologiako irakaslea.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.