erreakzioak

Euskal Herriko politikariak pozik Estrasburgoren epaiarekin

Bake prozesua ere hizpide izan dute zenbaitek.

2013ko urriaren 23a
11:25
Entzun

Inaki Irazabalbeitia (Aralarreko eurodiputatua): "Presoen giza eskubideak aitortzeko eta bakearen alde egiteko urrats nabarmena eman du Europak; Parot doktrina baliogabetu duen epaiak bake prozesuko trabak gainditzen lagunduko digu eta".

Arantza Quiroga (EAEko PPko presidentea): "Gustukoa izan ala ez, Estrasburgoren erabakia onartu eta bere horretan aplikatu behar dugu. Halere, ez da justua hiltzaileak heroi gisa tratatuak izatea, eta biktimak, berriz, bazter batean uztea".

Josu Erkoreka (Eusko Jaurlaritzako bozeramailea): "Espero dut alde bietako alderdiek ez probestea epaia, egin beharko luketena baztertzeko tresna gisa. Presoak prozesuaren parte izateak eta barkamena eskatzeak ere asko lagunduko luke".

Larraitz Ugarte (Gipuzkoako Diputazioko bozeramailea): "Argi geratu da Espainiak giza eskubideak urratzen dituela. Preso ugarik urteak daramatzate kartzelan legez kanpo, eta haien eskubideak zapaldu dituzte. Minutuak igaro ordez, kalean behar lukete".

Bakartxo Tejeria (Eusko Legebiltzarreko presidentea): "Oker eginikoak azaleratu ditu epaiak. Eskubide batzuen urraketek ezin dezakete urraketa gehiago ekarri; horregatik, malgutasuna galdegin dugu espetxe politikan, bake prozesura egokitze aldera".

Xabier Mikel Errekondo (Amaiurreko diputatua): "Gobernua hausnartzera bultzatu nahi dugu, salbuespenezko espetxe politika berehala alda dezan, eta presoen askatasunari oztoporik ez jartzeko. Denon onurarako izango litzateke; ziur gaude".

Anita Lopepe (EH Bai koalizioa): "Hirugarren eragile baten esku sartzea zein den inportantea ilustratzen digu erabaki horrek; begirada objektiboa beharrezkoa da Frantziako eta Espainiako estatuek eragin blokeoa gainditzeko".

Ezker Anitza: "ETAk jarduera armatua amaitu zuenetik, PPren kudeaketa negargarria izan da. Immobilismoaren bidetik, irabazi politikoak eta interesak lehenetsi dituzte, prozesua errazteaz arduratu beharrean".

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.