Amaiur 1512-2012 Nafarroa Bizirik taldeak ekimena antolatu du otsailaren 1erako, Amaiurko gudua gogoratzeko. Gaztelak Nafarroa konkistatu zuen sasoi hura biziberritzeko. Euskal Herriko udal eta kontzeju guztiei egin diete deialdia, batzarretan bat egite testua onar dezaten. Baztan, Lekunberri eta Leitza izan dira lehenengoak ekimenera batzen. Gaur goizean aurkeztu dute ekimena, Iruñean. Besteak beste Virginia Aleman Baztango alkatea (NaBai) eta Xabier Zabalo Leitzako alkatea (ANV) izan dira aurkezpenean.
Egitaraua erabat zehaztu gabe dago oraindik, baina ekitaldia 11:00etan hasiko da, eta guduan hildakoak gogoan izango dituzte. Lore eskaintza eta aurreskua eskainiko diete. “Gure askatasuna defenditu zutenei, independentziaren alde beraien bizitza eman zutenei omenaldia egitea” da helburua, Gaizka Aranguren antolatzaileak azaldu duenez. Argi utzi du ez dela ospakizuna: hala balitz, Nafarroa bere konkista ospatzen duen herrialde bakarra izango litzatekeela munduan. “Ekintza militarra izan zen, odolarekin eta suarekin egindako konkista, eta ekintza juridikoa ere bai, kulturan eta hizkuntzan ondorioak izan zituena”.
Migel Jose Ariztia Amaiur herriko ordezkariak duela 500 urte gertatu zena artean ezezaguna dela esan du, eta beharrezkoa dela jendeari benetako gertaerak azaltzea. Amaiurko alkateak eskatuta sortu zen Amaiur 1512-2012 Nafarroa Bizirik taldea, iragan abenduan. Lehen topaketa izango da otsailekoa. 2012. urtea bitarte beste hainbat egiteko asmoa dute.
Politika
Euskal Herriko udal guztiak deitu dituzte Amaiurko gudua gogoratzeko ekitaldira
Amaiur 1512-2012 Nafarroa Bizirik taldeak Amaiurko gudua gogoratuko du otsailaren 1ean. Baztan, Lekunberri eta Leitza izan dira lehenengoak ekimenera batzen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu