Goizean goizetik bildu dira Ordizian (Gipuzkoa) Udalbiltzako kide diren alkateak, 2014ko lan ildoa abiatzeko asmoz. Ondorengo agerraldian azaldu du Igor Eguren Ordiziako alkateak euskal herritartasuna sustatzea izango dela aurtengoa. Euskal herritarrak gara izenez deitu dute ekimena, eta horren baitan, hiru ardatz nagusi jorratuko dituzte: Euskal Herriaren ikurren aldeko herri dinamika sustatzea, Euskal Herriko nortasun agiri propioa bultzatzea horren erabilera bermatuz eta .eus Interneteko domeinu propioaren erabilera Udabiltzan ordezkatuta dauden udalen aldetik.
Udalbiltzako kideen ustez, 2014an "baikorrak" izateko arrazoiak dituzte, estaturik gabeko Europako bi naziok, Eskoziak eta Kataluniak, independentziari buruzko galdeketa egingo dutelako, hain zuzen ere. Horrez gain, Euskal Herrian ere badituzte pozik egoteko arrazoiak: "Bakegintzarako eta gatazkaren ondorioen konponbiderako urratsak ematen ari dira, eta erabakitzeko eskubidearen aldeko mugimenduak sustatuz dinamika herritar eta instituzionalak aintzat hartuz eta bide propioak egiteko moduak eta baldintzak sortzen ari dira".
Hain zuzen ere, prozesu horiei "bultzada emateko" landu nahi ditu Udalbiltzak euskal herritartasuna eta Euskal Herriaren aitortza sustatuko dituzten dinamikak, "izaera eraikitzaile eta partehartzaileaz".