Hautetsien parte hartze prozesua itxita, Udalbiltzak euskal herritartasunean sakontzeko ebazpena onartu du. "Euskal Herriaren eta euskal herritartasunaren aitortza bultzatzeko konpromisoa" hartu du Udalbiltzak, eta dei egin die hautetsi eta herritar guztiei martxan jarriko dituzten lan ildoekin bat egitera.
Gaur Donostiako Miramar jauregian 30 alkate pasak aurkeztu duten ebazpenean oinarrituta, udaletan mozioak aurkeztuko dituzte. Hiru puntu ditu ebazpenak: euskal sinboloen erabilera bultzatzea, Interneteko domeinu propioen erabilera sustatzea (.eus) eta euskal herritartasuna sustatuko duen nortasun agiri propioa bultzatzea.
Berrehun alkate eta zinegotziren ekarpenak jaso dituzte otsailaz geroztik, Ordiziako Herri Antzokian (Gipuzkoa) eginiko batzarraz geroztik.
Agerraldia beste bi ekitaldirekin bat egiteko aprobetxatu du Udalbiltzak. Batetik, Etxarri Aranatzen apirilaren 13an egingo duten independentziari buruzko galdeketarekin, eta, bestetik, ekainaren 8an Durango eta Iruñea batuko dituen Gure Esku Dagok antolatutako giza katearekin.