Sortuko lehendakari Asier Arraiz "ziur" dago, desarmeari dagokionez, ETAk urrats gehiago egingo dituela "datozen hilabeteetan", Foro Sozialaren gomendioak jarraitzeko azaldu zuen borondateagatik. Aldi berean, Espainiako gobernuaren "immobilismoa" salatu du: haren ustez, Espainia ez dago bake prozesuaren alde "ezer egiteko prest", eta horren aurrean, Sortuk "konpromezu multilateralak" bilatuko ditela iragarri du.
Arraizi "oso gaizki" iruditzen zaio ETAk armak ez entregatu izana edo ez disolbatu izana izatea Espainiaren "immobilismorako aitzakia", eta aldi berean, "paradoxikoa" iruditzen zaio horren jarrera: "Paradoxikoa da erakunde armatu baten aurka borrokatzen ari den gobernu batek ez parte hartzea erakunde horren desarme prozesuan, erakunde horrek ekintza armatua utzi duen unean".
Bake prozesuari bultzada Euskal Herritik ematearen garrantziaz hitz egin du Europa Press agentziarekin izandako elkarrizketa batean, hala, Espainia "zenbait erabaki hartzera behartuta" egongo litzatekeela uste baitu. Hala, "inoiz lortu ez diren akordioak" osatzea gakoa litzateke, indar politiko guztiek babestuko dituztenak: akordio horien sendotasunak "nahikoa presio" egingo lioke Espainiari iritziz aldatzeko.