Garraioak

Euskal Hirigune Elkargoak garraio eskaintza murriztu du

Autobus gutxiagok funtzionatuko dute berrogeialdi garaian. Urririk erabiltzen ahalko dira, kontrolik ez baita izanen.

Baionako lotura autobusa. ISABELLE MIQUELESTORENA
Oihana Teyseyre Koskarat.
2020ko martxoaren 18a
12:10
Entzun

Gaurtik hasita, eta krisi sanitarioak iraungo duen bitartean, Euskal Hirigune Elkargoko mugikortasun zerbitzuak garraio eskaintza murriztuko du. Autobus ibilbide gehienek funtzionatzen segituko dute, baina maiztasun gutxiagorekin. Baiona-Miarritze (Lapurdi), eta Baiona-Tarnose (Okzitania) lotzen dituen autobusak, ordea, ordutegi hedatuagoa izango du, kalterik ez egiteko Baionako ospitalerako irisgarritasunari.

Hego Lapurdiko autobusek eta Baiona barnealdearekin lotzen dituztenek ere maiztasun gutxiagorekin funtzionatzen segituko dute. Baionatik Kanbora (Lapurdi), Maulera (Zuberoa) eta Donapaleura (Baxenabarre) doazen ibilbideek ez dute, ordea, murrizketarik izango, eta beti bezala funtzionatuko dute.

"Beharrezkoak" ez diren garraioak bertan behera utzi ditu elkargoak: urririk diren lotura autobusak, eskaera bereziko autobusak eta Baionako ontzia.

Hala ere, neurri bereziak hartu dituzte epidemiari aurre egiteko. Ezingo da hurbildu gidarien ingurura, eta atzeko ateetatik soilik sartu ahal izango da autobusetara. Txartelen kontrolik ez da izango, eta, beraz, urririk erabiltzen ahalko dira garraioak. Horrez gain, garbiketa zorrotzagoa eginen dute erabiliko diren autobus guztietan. Elkargoak erabiltzaileei eskatu die segurtasun neurriak errespetatzeko eta metro bateko distantzia atxikitzeko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.