Euskaraz bizitzeko nahiari ateak zabaltzeko eskatuko dute euskaltzaleek abenduaren 1ean. Data horretan manifestazio nazionala egingo dute, Donostian, Kontseiluak antolatuta. Dozenaka euskaltzale elkartu ziren atzo, abenduaren 1eko deialdiari atxikimendua agertzeko. Etorkizunean euskarak iraungo badu, euskal hiztunen komunitateak iraun duen seinale izango da, Paul Bilbao Kontseiluko idazkariaren esanetan; baina komunitate horrek irauteko beharrezkoa da euskararen ezagutza zabaltzea eta euskaraz egiteko aukerak ugaritzea. Beraz, euskal komunitatea indartzeko mezua emango dute abenduaren 1ean.
Eskaera horiekin bat egin zuten atzo 60 bat lagunek, eta elkartetako ordezkariek: idazleak, kazetariak, elkarteak, ikastetxeak... askotariko pertsonak batu zituen ekitaldiak, Miramar jauregian. AEK, Ikastolak, EHE, BERRIA, Topagunea, EIZIE, Elkar, Bertsozale elkartea... Kontseiluko bazkideek ere bat egin dute deiarekin.
Leire Munduate amaren testigantza erabili zuten atzo, euskaraz bizitzeko nahia adierazteko, eta nahi horri baldintza egokiak emateko eskatzeko. Munduatek azaldu zuen bi semeak izan dituenetik bizitzeko eta pentsatzeko moduak aldatu zaizkiola; semeen ongizatea zaintzeko ardura dagokiola. «Hori lortzeko borrokatu nahi dut, eta borrokatuko naiz. Izan ere, haien eskubideak ez urratzea nahi nuke». Erantsi du euskara erabiltzeagatik inoiz «umiliatua» sentitu dela, eta ez duela halakorik nahi semeentzat.
Paul Bilbaok nabarmendu du euskaldun izatea ez dela, «osoki», norbere ahalmen eta aukera. «Gu izateko», hizkuntza komunitatea osatu eta indartu behar dela zehaztu du. Horretarako, herritar guztiek euskara ezagutzea «ezinbestekoa» dela seinalatu du, baina «euskara ezagutzeko» eskubidea ere badutela erantsiz: «Ez da justua inori ukatzea». Uste du euskararen normalizazioan pausoak emateko garai «ezin aproposagoa» dela: «Abenduaren 1ean gure hondar alea jarriko dugu, euskaraz bizi nahi duen multzo handia dagoela erakusteko».
Euskal hiztunen komunitatea indartzera dei egin du Kontseiluak
Heldu den abenduaren 1ean Donostian egingo duten manifestazioari atxikimendua agertu diote euskaltzaleek
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu