Datorren astean, hilaren 26 eta 27an egingo da IV. Foro Soziala, Irungo Ficoba erakustazokan (Gipuzkoa), eta “garrantzi berezia” izango duela adierazi dute, “deserriaren eta deportazioaren gaia landuko delako han”.
Hendaian eginiko batzarrean bildutakoen iritziz, iheslarien eta deportatuen etxeratzean aurrera egiteko ezinbestekoa da “adostasunak” gauzatzea eragile ezberdinen artean, “lehendabizi Euskal Herrian, eta gero nazioarteko komunitatearen laguntzarekin”. Eta bilerara joandakoek konpromisoa hartu dute lan horretan jarduteko.
Era berean, EIPK Euskal Iheslari Politikoen Kolektiboak 2013ko ekainaren 15ean kaleratutako Miarritzeko Adierazpenaren ildotik, batzarrean bildutakoek berretsi dute oraindik ihesean edota deportatuta daudenen egoera konpontzeko “formularik egokiena” dela “gatazkari irtenbide politikoa emango dion konponbide politiko negoziatu bat; gatazkari irtenbide demokratiko bat emango diona eta beraz haren jatorriei zein ondorioei erantzungo diena; hots, ondorio guztiei helduko diena”.
Horrekin loturik, salatu dute Espainiako Gobernuak “tresna gisa” erabili nahi duela presoen eta iheslarien auzia, “edozein irtenbide politiko oztopatzeko asmoz”.
Era berean, jakinarazi dute 2013ko ekainaz geroztik, 130 iheslari eta deportatu baino gehiago bueltatu direla “haien herrietara”.