Euskal ikuskera

Bixente Serrano Izko.
2008ko maiatzaren 22a
00:00
Entzun
Gutariko bakoitzari gure hizkuntzak pintatzen digu lehen mundu ikuskera, omen. Eta horrek markatzen dizkigu, gero, bizitzaren eskarmentua eta kultur bideak direla medio, bakoitzak geure kabuz lortzen goazen ñabardurak eta, are, mundu ikuskera berriak ere. Teoria modernoenetariko bat izan zen garai batean eta, hura lagun, «Euskarak gaitu euskaldun egiten» zintzo sinestera iritsi ginen: euskaldun peto-peto, noski, zentzu sakonean, euskaradun kontzeptu instrumental hutsak baino askoz hondorago murgiltzen gintuelakoan geure benetako nortasun nazionalaren jatorrizko magman.

Egia erratera, eginkizun funtsezko bat bete egin zuen prediku eta sinesmen hark: abertzaleak ohartarazteko euren aberri ereduan euskarak, hizkuntzak, kultura propioak leku zentral bat okupatu behar zuela. Eta akuilu izan zen gauza anitzetarako, abertzaleek ez bazituzten egiten, inork gutxik bulkatuko zituenak: ikastolak, gau eskolak, euskaltegiak, literatura, kantagintza, arte eszenikoak, hedabideak... Halarik ere, teoria gisa, planteamenduak baditu, izan, bere ahuleziak: adibidez, bere horretan egia izatekotan, nola bihur gaitzake euskararen ikasteak euskaldun, zentzu sakon eta nazional horretan euskaldun, jaiotzez eta haurtzaroan (haurtzaro luzean, alajaina!) erdaldun izan garenok? Ama hizkuntzak hainbertzeraino determinatuko bagintu, nekez gaindituko luke gure euskaltasunak euskaradun tasunaren maila, den euskal naziotasunik zintzoena ere guk geuk geure buruari egokitu nahi arren: beti kolonizatuak, patua halakoa euskaldun berriona!

Eurite anitz jasan ondoren, bai eta gauza anitz lortu ondoren ere, eta ideia haiekin sinesten ei duten toga-jende erdaldun batzuen eraso bidegabeak gorabehera, euskaldun/euskaradun (eta erdaldun euskaltzale) askoren ahaleginei esker berreskuratu dugu euskarazko egunkaria, togadunek osturiko hura: bortz urte duela berriro leiho bat irekitzen jarrai dezakegu egunero, begirada bat euskaraz emateko mundu zabalari. Eta badirudi konturatu garela euskarak bakarrik ez gaituena euskaldun egiten zentzu sakon hartan, euskarak bere hutsean egin ezin gaitzakeenak bertze makulurik behar duela. Horregatik, agian, nagusitzen zaigu batzuetan inpresio bat, hots, egunean eguneko euskal leiho horretako beirate arretatsuegi landuek koloreztatu nahi digutela ustezko benetako euskaldunok izan beharko genukeen mundu ikuskera? Ez dakit, baina haren lainoan, xarmangarriago deritzot batzuetan sinesmen zaharrari: alegia, mundua euskaraz begiratzeak egiten gaituela euskaldunago, berez.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.