Heldu den martxoaren 15ean eta 22an iraganen diren herriko bozetan euskarak lekua har dezan nahi dute Euskal Konfederazioak eta Euskararen Gizarte Erakundeen Kontseiluak. Hizkuntza eskubideak bermatzeko protokoloaren herriko etxeetako garapena aurkeztu dute arratsean Baionako Merkataritza eta Industria Ganberan, eta Ipar Euskal Herriko 158 herrietan aurkeztuko diren hautagaiei «ondoko sei urteetan euskararen garapenaren aldeko hizkuntza politika planifikatuak abian ezartzeko eta garatzeko» engaiamendua har dezatela eskatu diete. Ekitaldian egon dira, besteak beste, Jean Rene Etxegarai Baionako auzapez eta Euskal Elkargoko lehendakaria, Mixel Etxebest Mauleko auzapeza eta Beñat Arrabit Euskal Elkargoko Hizkuntza Politikarako lehendakariordea. Bozetan aurkeztuko den hautagai andana batek ere parte hartu du.
«Martxoko herriko bozak, euskararen aldeko jauzi kuantitatibo eta kualitatiboa egiteko parada izanen dira», adierazi zuen Peio Jorajuria Seaskako presidenteak. «Lege babesaren eskasa ez da aitzakia izan behar aitzinurratsen ez egiteko».
Funtsean, «gida bat» eskaini diete hautetsiei, gobernatzen dituzten instituzioetan euskararen aldeko planak gara ditzaten. «Herritarren hizkuntza eskubideak errespetatzeko hizkuntza politika batek landu beharreko eremuak, hartu beharreko erabaki nagusiak eta kontuan hartu beharreko irizpideak eskaintzen dituen dokumentua», azaldu du Paul Bilbao Kontseiluko idazkari nagusiak. Haren hitzetan, hiru eginkizun nagusi bete behar ditu anbizio handiko politika abian jarri nahi duen herri administrazioak: zerbitzuak euskaraz segurtatzeko eta informazioa euskaraz eskaintzeko bideak ezartzea; ardurapeko egituretan euskaraz lan egin ahal izateko baldintzak ahalbidetzea; euskararen garapena eta erabilpena sustatzeko neurriak hartzea bere eragin eremuan. «Izan ere, herriko etxea herritarren ongizatea ahalbidetzen duen egitura administratiboa den heinean, euskal hiztunak euskaraz bizi daitezen eremuak sustatzea herriko etxearen misio ere bihurtzen da», gaineratu du Bilbaok.
Egiten hasteko gomita
«Nahi baduzue, egiten ahal duzue», izan da nolazpait ere hautetsiei helarazi nahi izan dieten mezua. Frantziako legediak, euskara babesten ez badu ere, gauza anitz egiteko parada ematen duela nabarmendu du Maika Etxekoparrek. Horretarako, herriko etxeetan har ditzaketen neurri sorta bat aurkeztu du: zerbitzuak euskaraz eskaintzea, eta, hori egin ahal izateko, langileak prestatzea adibidez, edo komunikazioan euskarari ikusgarritasun handiagoa emateko «errazki egiten ahal diren zenbait ekintza».
Ez dute erronka makala proposatu. Herri batzuetan, martxan dira euskara planak; anitzetan oraindik ez. Jorajuria: «Sei urte jarrerak aldatzeko, eraikitzeko, euskara bihotzetik plazara eramateko... gaurdanik lantzen badugu, lortuko dugu!».