Euskal kulturgintzaren aurkako erasoa

Euskal kultura defendatzeko eragile politikoek duten papera aldarrikatu dute

Euskadi irratiko tertulian biltzen diren Markel Olano EAJko kidea, Pernando Barrena Batasunekoa, Sabin Intxaurraga EAkoa eta Mikel Arana EB-IUkoa bat etorri dira euskal kultura defendatzeko garaian alderdi politikoek duten ezinbesteko papera azpimarratzeko garaian. "Eragile politikoen erantzukizuna memento honetan maila gorenean dago, bihar Donostian ordezkatua egongo den herri horri huts ez egiteko", nabarmendu du Barrenak. Halaber, orain zortzi hilabete 'Euskaldunon Egunkaria'-ren aurkako operazioa gogora etorri zaiela adierazi dute lau politikoek, eta "euskal kulturaren eta euskararen aurkako eraso berri bat" izan dela azpimarratzeaz gain, atxilotuak Guardia Zibilaren esku jasaten ariko diren tratuaz "kezka" agertu dute. 'Bai euskarari. Gora Euskal Herria euskalduna' lemapean bihar egingo den manifestaziora joateko deia ere egin dute.

2003ko urriaren 17a
15:02
Entzun
EAJko EBBko kide Markel Olanok adierazi duenez, orain zortzi hilabete bizitakoa errepikatzen ari gara. "Herriak berak hori garbi ikusten du eta erreakzioa ere hortik joango da, hain zuzen ere, ikusten delako euskararen eta euskal kulturaren aurkako eraso garbi bat dagoela eta horren aurrean guztiok ahal dugun aportazioa egin behar dugula", adierazi du Euskadi irratiko solasaldian. Horrelako erasoak ez errepikatzeko, arduradun politikoek egoera honen aurrean aportazioa eta eginahala egin behar dutela nabarmendu du Olanok.

Batasuneko kide Pernando Barrenak mobilizaziorako planteamendua ezinbestekoa dela esan du, "atxilotuek eta haien senitartekoek beraiekin gaudela senti dezaten eta beraien egoerarengatik oso kezkatuta gaudela argi gelditzeko". Barrenak Martxelo Otamendi 'Berria'-ko zuzendariak egindako testigantzak ekarri ditu gogora, Donostian manifestazio jendetsua egiten ari zen bitartean, bera torturatua izaten ari zela Guardia Zibilaren kuartelean.

Otsaileko Donostiako manifestazioa "egun bateko lorean" gelditu zela esan du Barrenak, eta bihar hori errepikatuko egingo da "bertara hurbilduko diren eragile politikook ez badugu ezer egiten egoera hori aldarazteko". Batasuneko kidearen esanetan, bihar Donostian bilduko den herri indar horrek guztiak "giro polítiko egoki bat behar du indar hori ezerezean gelditu ez dadin". "Eragile politikoen erantzukizuna momentu honetan maila gorenean dago, bihar ordezkatua egongo den herri horri huts ez egiteko", nabarmendu du.

Leloarekin bueltaka

'Bai euskarari. Gora Euskal Herria euskalduna' biharko manifestazioaren leloa ere hizpide izan dute tertuliakideek. Izan ere, lema horrek zeresan asko eman zuen atzo arratsaldean, baztertzailea ote den. "Lema horrek ez duela behar adina bilduko esan dute batzuek, baina ez dut uste inor ez duela baztertzen", azpimarratu du Markel Olanok. Haren esanetan, Euskal Herrian gizabanako bakoitzari zor zaion zerbait da euskara, baina horrek ez du esan nahi beste hizkuntzak baztertu behar direnik. "Euskal Herri guztira euskara hedatzea aldarrikapen zilegizkoa da. Atxilkotuak horregatik eman dituzte, militantzia eta enpresa egitura uztartu baitituzte, errentagarritasuna bermatuz. Egitura horri egin diote eraso, orain arte militantziak egin baitu euskara aurrera ateratzea", adierazi du Olanok.

"Nik uste dut euskaltzaleontzat lema egokia dela eta ez dut uste beste hizkuntza baten ukazioan oinarritzen denik, baizik eta gurea den hizkuntza babestu behar dugu", azpimarratu du Ingurumen sailburu Sabin Intxaurragak. Eusko Alkartasuneko kidearen ustez, kezkatzekoa da lehen atxiltotuako batzuk kartzelan jarraitzen dutela ikustea, eta beste alde batetik eraso honen bitartez ez du uste ETAren kontrako zerbait izan denik. "ETA aitzaikitzat erabiliz euskalgintza eta euskal mundu guzti hori susmopean jartzen da, eta horrelako egoeratan iritzi bateko zein bestekoak euskararen alde egin behar dugu", adierazi du Intxaurragak.

PPren adierazpenak hizpide

Atzoko polizia operazioaren ondoren izan ziren erreakzioetatik PPrenak eragin zuten zeresanik handiena. PPk ukatu egin zuen euskal kulturaren aurkako polizia operazioa zenik, beraiek esan baiuute euskararen atzean ezkutatzen diren ETA kideen kontra jo nahi izan dela. "Horrelakoak ere esan zituzten aurrekoan, euskal kulturari mesede egiten ziotela esan baitzuten. PPk egin duena da justizia justifikatu, eta justiziak hori egiten du PPk hala agintzen duelako", nabarmendu Mikel Arana EB-IUko kideak. Hala ere, oraingoan diferentzia bat egon dela azpimarratu du. "EAEko PPk terrorismo eta antzeko hitzak erabili ditu, baina Acebesek delitu fiskalak eta diru kontuak bakarrik aipatu ditu. PPk frogatu du euskal kulturaren munduak min egin diola. Bide juridikoa erabiltzen du eta oso akusazio ahulekin", adierazi du Aranak.

Garai batean atxilotua izateko, torturatua izateko eta kartzelara joateko ETAko kidea izan behar zela esan du, bestalde, Pernando Barrenak, eta gutxinaka Madrileko estrategiak marra hori jaitsi egin duela nabarmendu: "Presoen alde aritzeagatik kartzelara zoaz, ilegalizazioekin ere marra hori gehiago jaitsi da eta Egunkariarekin oraindik gehiago jaitsi da. Momentu honetan ez da ETAkoa izan behar kartzelara joateko", esan du. Barrenaren esanetan, Euskal Herrian izua zabaldu nahi dute, guztiok etxean gelditzea nahi dute eta atxilotuek duten profil hori indargabetu nahi dute, "euskal kulturaren profesional militanteak mapatik desagertarazi nahi baitituzte, estatuak ezin duelako hori jasan".
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.