Euskal Memoriak 1980ko hamarkadako itsasgarriak bildu ditu liburu batean

Gai horrekin loturiko bigarren lan monografikoa da; 3.000tik gora aukeratu dituzte. Fundazioaren hurrengo liburua izango da 1960ko hamarkadatik gaur egun arte preso egon diren euskal herritarrei buruzkoa.

Bildumaren egileak, Donostian eginiko aurkezpenean. JAGOBA MANTEROLA (FOKU)
jokin sagarzazu
2018ko irailaren 28a
14:01
Entzun

Euskal Memoria fundazioak aurtengo lan monografikoa aurkeztu du: Euskal Herriko Pegatak 2 (1980-1989). Iaz plazaratu zuen lehen zenbakia, 1965-1979 urteetako itsasgarriak biltzen zituena; eta beste bat ere prestatzen ari da 1990-1999 epekoekin. Lanaren koordinatzaile Pablo Salgadok nabarmendu duenez, lehen aldia da honelako lan bat kaleratzen dena, eta bat egiten du Euskal Memoriaren lan egiteko moduekin eta helburuekin: "Euskal Herritik Euskal Herriari buruzko historia egitea". Fundazioaren lehendakari Iñaki Egañak azaldu duenez, "milaka lagunen lanaren" emaitza da bilduma, eta horrek erakusten du "lan itzela" egiten ari dela "herri honetan" memoria  gordetzeko.

Salgadok adierazi du liburua uler daitekeela garai zehatz bateko "hemeroteka sozial" gisa. "Ikusten dira garaian garaiko borrokak, eta horiei lotutako estetikan egondako aldaketak". Bereziki, politikarekin loturiko itsasgarriak azaltzen dira, baina denetarik dago. Saiatu dira Euskal Herri osokoak biltzen, eta askotariko taldeenak, eta euskaraz eginikoak lehenetsi dituzte. Gai politikoekin loturikoak aukeratu dituzte gehienbat, baina badaude bestelakoak ere.

Artxibo ofizialetan-eta eskasak dira gisa honetako "dokumentuak"; bildu dituzte batzuk Gasteizko Antso Jakituna fundazioarenean eta Lazkaoko beneditarren artxiboan (Gipuzkoa). Baina, bereziki, bildumagile partikularrengana jo dute itsasgarri horien bila —Iñaki de Nicolasen bildumatik abiatuta—, eta haietako bi izan dira liburuaren aurkezpenean.

Xabier Arginzoniz 1975etik ari da itsasgarriak biltzen, eta 65.000 ale inguru ditu. "Herri baten historia dago horien atzean. Indarrak, ilusioak eta nahiak; horietako batzuk lortutakoak, eta beste batzuk ez", azpimarratu du. Rikardo Gonzalez de Durana bildumagileak bertso batekin azpimarratu du itsasgarrien bidez ezagutu eta azter daitekeela "gure historia garaikidea", eta holako dokumentuak baliagarriak izan daitezkeela belaunaldi berriei transmisioa egiteko. Gonzalez de Duranak deia egin die etxean itsasgarriak-eta dituztenei Euskal Memoriarekin harremanetan jartzeko.

Presoei buruzko lana

Iñaki Egaña Euskal Memoriako lehendakariak jakinarazi duenez, euskal presoei buruzko liburu mardul bat kaleratuko du fundazioak datorren urtean. Aspalditik ari dira lan "erraldoi" horrekin, eta 1936ko gerran eta frankismoan espetxetik pasatutako 32.500 euskal herritarren dokumentazioa biltzea lortua dute jada. Material hori ikusgarri dago fundazioaren webgunean. Azken 50 urteetan espetxeratutakoekin, berriz, beste liburu bat egin nahi dute, eta, Egañak aurreratu duenez, 7.000 euskal presoren baino gehiagoren datuak jasoak dituzte jada.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.