MENDIZALETASUNA

Euskal Mendizaleen Egitura Komuna defendatu dute Euskal Herriaren erdigunean

Independentistak eta hainbat mendi taldek antolatuta, Euskal Herriko erdigunera mendi martxa egin dute. Federazioen adierazpena urrats garrantzitsutzat jo du Txutxi Ariznabarreta Independentistak sareko bozeramaileak.

Euskal Herriaren erdigunean batutakoak. INDEPENDENTISTAK SAREA
2016ko urriaren 9a
12:58
Entzun

Irañeta, Senosiain eta Unanutik abiatuta, hiru zutabeek bat egin dute Euskal Herriko erdigune geografikoan. 2004an finkatu zuen puntu hori Felix Isasak. Andia mendilerroan kokatuta dago, Beriain mendi tontorretik nahiko hurbil. Olibesario sakonunean, 1236 metroko altueran.

Bertan, adierazpen bat irakurri dute Nafarroako Mendi Federazioko lehendakari Martin Montañesek eta lehendakariorde Koldo Aldazek: "Behean sinatzen dugunok, “EHko Erdigune Martxa 2016” dela eta, 2016ko urriaren 9an Andia mendilerroan kokaturik dagoen Euskal Herriko erdigune geografikoan bildurik, duela 27 urte Besaiden sinatutako “Lankidetza Hitzarmena” oinarritzat hartuz, Euskal Mendizaleen Egitura Komun baterako konbergentzia aldarrikatzen dugu".

Azaldu dutenez, 1924ko maiatzaren 18an Elgetan jaio zen Euskal Mendizale Federazioa, Federación Vasco Navarra de Alpinismo izenarekin. Duela hogeita hamar urte, ordea, Euskal Mendizale Federazioa eta Nafarroako Mendizale Federazioa lege-aginduz banatuak izan ziren Estatuaren eskuduntzak Autonomia Erkidegoetara transferitzerakoan.

Nafarroako mendizaleek aurre egin zioten bereizketari hainbat urtez. Aurreko estatusa mantentzeko elkartze formulak bilatu zituzten eta, bide horretan, 1972an sortu zen Baionako Auñamendi elkartea, Ipar Euskal Herriko lehen mendi elkartea, bere barne hartzera iritsi ziren. Sinatzaileek gogoan izan dutenez, 1989ko irailaren 17an gauzatu zen nahi hori, Eusko Jaurlaritzaren eta Nafarroako Gobernuaren babespean Hego Euskal Herriko lau lurralde federazioek Besaiden sinatu zuten Lankidetza Hitzarmenarekin.

Nafarroako beste kirol federazio batzuk egitura komunak mantendu izan dituzte euskal federazioekin. Ildo horri jarraituz, EMF Euskal Mendizale Federazioak eta NMEKF Nafarroako Mendi eta Eskalada Kiroletako Federazioak "mendizaleen kolektibo osoarentzat Proiektu Komun bat gauzatzeko “bide-orria” zehazteko konpromisoa" hartu dute adierazpenaren sinatzaileek.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.