Kataluniako egun nazionalaren ospakizunen harira, hainbat eragile joan dira Euskal Herritik.
EAJ
Andoni Ortuzar EBBko presidentea buru duen ordezkaritza bidali du EAJk Bartzelonara. Joseba Aurrekoetxea alderdiko Antolakuntza arduraduna eta Iñaki Goikoetxea Kanpo Harremanetarako arduraduna daude harekin batera. Atzo arratsaldean iritsi zen EAJko ordezkaritza Bartzelonara, eta Kataluniako politika eta gizarte zibileko ordezkari eta eragileekin elkartu ziren. Gaur (09:00), Rafael Casanovaren monumentuaren aurrean egin ohi den lore eskaintzan parte hartu du.
Han Ortuzarrek hedabideei esan die Kataluniak izan nahi duena adierazteko eta hautatutako proiektua garatzeko askatasuna izan behar duela. Uste du Katalunia "garai erabakigarrian" dela. EAJren ordezkaritza eguerdian abiatu da Euskal Herrira, arratsaldeko mobilizazioan parte hartzeke.
EH BILDU
Hasier Arraiz koalizioko kidea buru duen ordezkaritza bidali du EH Bilduk Bartzelonara. Rebeka Ubera, Alberto Unamunzaga, Pernando Barrena, Rafa Larreina, Maite Ubiria eta Lorena Lopez de Lacalle dira harekin batera. Atzo gauean Junts Pel Si hautagaitzak hauteskunde kanpaina irekitzeko egin zuen ekitaldian parte hartu zuten Uberak eta Unamunzagak. Aurretik, 18:30ean, Esquerres per la Independencia ekimenak egin zuen ekitaldi politikoan hitza hartu zuen Barrenak. Ekimen transbertsal eta irekia da Esquerres per la Independencia, eta maila pertsonalean parte hartzen dute CUP, ERC edo ICV alderdietako kideek, besteak beste.
Gaur (09:00), Rafal Casanovaren monumentuaren aurrean egin ohi den lore eskaintzan parte hartu dute koalizio abertzaleko kideek, eta han Raul Romeva Junts pel Si-ko zerrendaburuarekin egon dira, besteak beste. Arraizek hedabideen aurrean esan du Euskal Herriak ere "prozesu eratzailea abian" jarriko duela. Haren arabera, "askatasunera daraman ate bera da katalan eta euskaldunoi ixten zaiguna”.
Gaur 15:00etan Independentistak Sareak deitutako kalejiran izan dira EH Bilduko ordezkariak, eta ondoren ANCk eta Omniumek deitutako mobilizazioan parte hartu dute.
INDEPENDENTISTAK SAREA
Gaur Meridiana etorbidean egingo den mobilizazioan izango dira Independentistak Sarekoak ere. "Euskal zatia" deiturikoan elkartuko dira horretarako; 65. zatia da hori. Hara kalejiran joan dira; 15:00etarako jarri dute hitzordua, Ferran Reyes plazan (Meridiana etorbidea, 231, San Joan Bosco elizaren ondoan). Ongietorria egin diete han ANCko kideek, eta bertaratutako guztiak euren kokalekura joan dira elkarrekin: joaldunak, trikitilariak...
"Irailaren 27ko hauteskundeak guretzat ere garrantzitsuak dira, gure prozesua martxan jarriz gero ataka beretik pasatu beharko dugulako", esan du Txutxi Ariznabarretak. “Ezin gara geldirik geratu. Kataluniarrek gure laguntza beharko dute".
LAB
Ainhoa Etxaide LABeko idazkari nagusia Diadan da. Atzo (19:00), Intersindical Alternativa de Catalunyak antolatutako ekitaldian parte hartu zuen, Europako Batasuneko gizarte eta lan eskubideen gainean eta herrien Europa baten eraikuntzaren beharrari buruz solasean. "LABek babesa adierazi nahi dio Kataluniak abiatutako prozesu indepedentistari. Guretzat independentzia da biderik eraginkorrena langile klaseari erabakitzeko gaitasuna aitortuko dion estatu libre bat sortzeko, instituzio propioen sorkuntzatik abiatuta errealitatea aldatzeko, eta aldaketa soziala lortzeko. Kataluniako prozesu soberanistari dagokionez herriaren borondatea oinarri duen mugimendu politikoa da han aldaketaren aldeko giltzarria", esan du ohar batean LABek.
ELA
ELAk esan du txalotzen duela "Kataluniako gizarteak inor baztertu gabe aurrera egiteko erakutsi duen zintzotasuna eta ausardia, Euskal Herrian aintzat hartu beharko genukeena". Adolfo Muñoz ELAko idazkari nagusiak iritzi artikulu batean "herri katalana, haren gizarte erakundeak eta buruzagi politiko asko erakusten ari den zintzotasuna" azpimarratu du. ELAk esteladak zintzilikatu ditu bere egoitzetan.
UDALBILTZA
Udalbiltzatik Maite Iturre lehendakariordea izan da Diadan. "Gure esku dagoelako, herritarrona delako hitza eta erabakia", idatzi du txio batean. Mobilizazioan parte hartu du.