Eredu propio baten “beharra” azpimarratu dute EH Bilduk eta kolektiboek (Bizkaiko eta Nafarroako Pentsionistak Martxan, Arabako Pentsionistak Lanean eta Gipuzkoako Duintasuna).
Jaurlaritzaren jarrera kritikatu dute koalizioko ordezkari Belen Arrondo eta Dani Maeztuk: “Madrilek inposatzen dituen murrizketak ezarri besterik ez du egiten”. “Pasibotasuna” alde batera uzteko eta “neurriak” hartzen hasteko eskatu diote: “Lehenbailehen funts bat sor dezala pentsioen murrizketei aurre egiteko”.
Behar berbera azpimarratu du pentsiodunen kolektiboko ordezkari Carlos Ruizek. Berrordainketak “osasun zerbitzu publikoaren berdintasun eskubidea urratzen” duela salatu du, eta euskal sistema propio bat dela osasun zerbitzu publikoa bermatzeko “modu bakarra”.
Batzar askoren hasiera
Ruizek jakinarazi du askotariko eragileekin batzartu nahi dutela “kexak azaldu eta kolektiboari egiten zaizkion eskubide urraketak” salatzeko. EH Bildurekin egin duten bilera bide luze baten hasiera besterik ez dela dio: irailean Jon Darpon Osasun sailburuarekin bilkura egitea espero dute.