Udalbiltzaren Garapen eta Kohesio Fondoak egitasmo bat abiatuko du Euskal Pirinioen garapen ekonomiko eta sozialerako, bertako instituzio, eragile eta herritarrekin hitz egin ondoren. Euskal Pirinioetan lan eta bizi da egitasmoaren leloa, eta proiektuak 103 udalerri hartuko ditu, Nafarroa Garaiko eta Beherekoak eta Zuberoakoak.
Gaur eman du Udalbiltzak horren berri, Iruñean. Bost laguntza programa jarriko ditugu abian: Nazio auzolanerako deiadarra, Eragin jarduera ekonomiko berriak sustatzeko programa, Elgarrekin saretze programa, Garapen soziala egitasmo sozialak sustatzeko programa eta Pirinioak sendotzen tokiko entitateak laguntzeko programa.
Udalbiltzak azaldu duenez, Pirinioak hautatu dituzte "euskal lurralderik baztertuenetakoa" delako: "Pirinioetako udalerriak euren hiriburu administratibotik urrun daude, eta ikastetxeak, ospitaleak edo oinarrizko zerbitzuak ere distantzia handira dituzte oro har". Horrez gain, nabarmendu dute gero eta jende gutxiago bizi dela zonalde horretan, eta biztanleria gero eta zaharragoa dela.
Urtarrilaren 25ean egingo dute ekitaldi instituzionala laguntzak aurkezteko, Ainhize-Monjolosen (Nafarroa Beherea), Euskal Herriko Laborantza Ganberaren egoitzan, 11:00etan hasita. Ekitaldi irekia izango da.