Presoak kartzeletan egiten ari diren borroka azpimarratu zuten elkarretaratzeen bukaeran. «Baldintzarik gogorrenetan egunez egun borrokan ari diren senide eta lagunentzat» txaloak izan zituzten. Apirileko hauteskundeei ere erreparatu zieten. «Datozen lau urteei begira alderdiek eginiko promesak asko izan dira. Urteak daramatzate, ordea, herri honi iruzur egiten», salatu zuten. Hala, euskal gizarteak euskal preso politikoak Euskal Herriratzeko egindako deiari «muzin egitea» egotzi zien Etxerat-ek.
Dei zuzena alderdi politikoei
«Amaigabea da bi estatuen biolentzia jasaten ari garen herritarren zerrenda». Indarkeria horren aurrean, baina, beste aldera begira egoteko garaia bukatu dela aldarrikatu zuen Etxerat-ek. «Amaitu da estatuek gu eta preso dituzten gure senideen aurka darabilten biolentziaren aurrean beste aldera begiratzea; amaitu dira isiltasunak».
Hala, dei zuzena egin zien Etxerat-ek «orain artean beste aldera begira egon diren» alderdi, eragile eta instituzioetako arduradunei: «Herri oso baten aldarriarekin hitzez nahiz ekintzez bat egiteko». Halaber, mezu argia igorri zien senide eta lagunen elkarteak: «Ezinezkoa da bakegintzaz aritzea eta sufrimenduaren luzatzea, edo kolektibo oso baten ahotsa isilaraztea xede duen sakabanaketa politikaren jarraitzea». Etxerat-ek emandako datuen arabera, atzokoan 150 lagun bildu ziren Donostian; 200 inguru Bilboko Arriagan eta 112 Sabin Etxean; 200 bat Iruñean, 300 Gasteizen eta 40 Baionan. Elkarretaratze jendetsuak izan ziren, halaber, Arrasaten (100), Hernanin (200), Errenterian (250), Zarautzen (125) nahiz Lekeition (150) ere.
-
ESPETXE ALDAKETAK
Azken hilean 44 kartzela aldaketa izan dira
Etxerat-ek jakinarazi zuenez, azken hilabetean 44 preso aldatu dituzte espetxez, eta ez dute bat bera ere Euskal Herriratu. Aldiz, Txetxu Fernandez Martutenetik Burgosera urrundu dute. Beste hainbat euskal preso ere are gehiago urrundu dituzte: Haritz Lasa eta Haritz Saez, NavalcarnerotikCaceresera (Euskal Herritik 680 kilometrora) eta Almeriara (1.032 kilometro) eraman dituzte, hurrenez hurren, eta Gorka Martinez Caceresetik Puertora (Euskal Herritik 1.132 kilometrora). Diligentziak direla-eta ere, beste 14 euskal preso aldatu dituzte espetxez Espainia eta Frantzian. Kasu horietan, gehienak Euskal Herritik are gehiago urrundu dituzte, Jaenera edo Almeriara kasu.