"EPPK-k bere baitan egindako eztabaidaren ondorioz, ETAk erabat barneratua du euskal preso politikoak kolektibo horretan daudela eta bat datozela ezker abertzalearen proiektu politikoarekin, eta testuinguru horretatik euren ekarpena egingo diotela Euskal Herriaren herri eta nazio proiektuari", dio ETAk helarazitako agiriak. Gutuna orain igortzearen arrazoia izan da, hain zuzen ere, ezagutzera ematea orain arte erakundearen ordezkari izan diren Sorzabalek eta Plak utzi egingo diotela lan horri, EPPKren eledun izateko.
Bide batez gizarte zibilak "gatazka politikoaren ondorioei irtenbidea aurkitzeko" emandako urratsak ere nabarmentzen ditu. "Argi esaten ari dira konponbideak osoa izan behar duela". Zentzu horretan gogora ekartzen du hainbat eragile eta erakundek bat egin dutela datorren larunbatean Parisen egitekoa duten manifestazioarekin, "presoen eskubideak errespetatuak" izan behar dutela adieraziz.
Agenda politikoa gizarte zibilaren esku uztearen beharra ere aipatzen du oharrean, azalduz, agenda hori ETAren eskaera den bitartean "balizko negoziazio prozesu baten zati" izango litzateke; aldiz, eskari hori bera instituzioen eta eragileek beren gain hartuko balute "erronkak pisu handiagoa" hartuko luke.
Aurrera begira
Datozen hilabete eta urteetarako helburuak ere zehazten dituzte, eta horietan nagusia "presoak etxeratzea" izango dela ohartarazten. "Lan eta borroka asko geratzen da egiteke".
Horretaz gain, erakundeak Belen Gonzalez Peñalba ere gogoratu nahi izan du. Euskal presoa azaroaren 16an hil zen, gaixotasun luze baten ondorioz.